Hamar zesta eskolatako puntistak elkartu dira Jai Alain
Euskal Herriko hamar zesta-punta eskoletako ikasle eta ordezkariak elkartu ziren zapatuan, Gernika-Lumon.Zesta-puntaren etorkizunaren adierazle diren 50 bat ume eta gaztetxoren bilgune izan zen egun osoz Jai Alai frontoia. II. Eskolarteko Zesta-Punta T...
Zesta-puntaren etorkizunaren adierazle diren 50 bat ume eta gaztetxoren bilgune izan zen egun osoz Jai Alai frontoia. II. Eskolarteko Zesta-Punta Topaketan eskoletako puntistek zein horien guraso eta entrenatzaileek aukera paregabea izan zuten elkar ezagutu eta harremanak sendotzeko.
Gernika-Lumoko eskolako kideekin batera, Ereño, Berriatua, Markina-Xemein, Mutriku, Zumaia, Donostia, Hondarribia, Gasteiz eta Cabanillasetik etorritako ume, guraso eta entrenatzaileek parte hartu zuten topaketan.
10:00etan elkartu, eta goiz eta arratsaldez, hamalau partidu jokatu zituzten kiniela erara. Gustuko duten kirola eginez gozatu zuten elkarregaz. Eta harmailetan ere ez zen girorik falta izan: partiduak ikusten 200 bat pertsona egon ziren.
Eguerdian Gernika Rugby Tabernan 150 pertsona inguruk bazkaldu zuten, giro ederrean.
Antolatzaileen berbetan, ume eta gaztetxoek ikuskizun ederra eskaini zuten, eta parte hartzaile denak pozik geratu dira ekimenagaz.
Topaketa «egonkortzen» hasi dela zehaztu dute, eta hori horrela izanik, etorkizuna baikor ikusten dute.
Halaber, nesken parte hartzea nabarmendu dute antolatzaileek: «Nesken parte hartze handia egon da aurten; kategoria desberdinetako partiduetan 11 neskatok jokatu dute, txukun eta lehiakor. Kirol modalitate honetan, orain arte, behintzat, ez da normala izan nesken parte hartzea. Parekotasun itxaropen izpi bat ikusi genuen Jai Alai frontoian zapatuan».
Lau kategorietako partiduez gozatzeko aukera eduki zuten frontoian bildu zirenek zaleek: neskak, benjaminak, alebinak eta umeak.
Kiniela erara jokatutako goizeko partiduak 20 tantora izan ziren, eta arratsaldekoak, berriz, 15 tantora.