San Pedro jaiak auzo giro ederrean
Markina-Xemeingo Barinaga eta Ziortza-Bolibarko Arta auzoek San Pedro jaiak ospatuko dituzte datorren asteburuan. Ume zein nagusientzako aukerarik ez da faltako. Musika, dantza, otordu eta txapelketekin osatu dituzte egitarauak.Auzo giro apartagaz goza...
Markina-Xemeingo Barinaga eta Ziortza-Bolibarko Arta auzoek San Pedro jaiak ospatuko dituzte datorren asteburuan. Ume zein nagusientzako aukerarik ez da faltako. Musika, dantza, otordu eta txapelketekin osatu dituzte egitarauak.
Auzo giro apartagaz gozatzea nahi duenak aukera paregabea izango du datorren asteburuan, Barinaga eta Arta auzoetako jaietan. San Pedroren omenez, ekitaldiz bete dute asteburua, auzotarrek eta ateak zabalik izango dituzten bisitariek ondo baino hobeto pasatzeko.Barinagarrak izango dira jaiei hasiera ematen lehenengoak. San Pedro egunean bertan meza izango dute auzoan dagoen San Pedrori eskainitako elizan, eta mokadutxoa hartzeko batuko dira ondoren.
Zapatuan jarraituko dute jaiagaz. Uda giroan sartuta, frontoia eta bere inguruak izango dira jaiaren muina. Bertan egingo dira Txapel Jaurtiketa Txapelketa eta bildots bazkaria ere. Bazkaltzera joan nahi duenak oraindik txartelak lortzeko aukera badauka Barinagako Kontzeju Zaharrean edo Markina-Xemeingo Baskaran estankoan. Azkenengo eguna martitzena izango da.
Frontoiaren ondoko probalekuak, aurten, hiru idi bikoteren dema hartuko du. Berriatuko Bikandi, Ziortza-Bolibarko Zubibarri eta Eibarko Altzubarrenen animaliak neurtuko dira Barinagako mantak eskuratzeko.
Bolatokiak ere jendetsa bilduko du. Izan ere, lehenengoz, Bolo Txapelketa antolatu dute Barinagan, eta hiru sari egongo dira jokoan: irabazleak 60 euro eta txapela eramnago ditu, bigarrenak 40 euro eta gazta eta hirugarrenak 20 euro eta kopeta pastela.
Umeentzako denborapasa ere ziurtatuta dago. Umeentzako abentura parkea prestatuko dute.
Eta ohi duten bezala, jaietako orgaren zozketaren zenbakia aterata amaituko dira jaiak.
Ermitaren inguruan
Ermita izango da Artako San Pedro jaietako bilgune nagusia. Ermita barruan mahaiak eta ipini, eta han jokatuko dute datorren zapatuan aurten zortzigarrena izango den Briska Txapelketa. Sariak ere ederrak izango dira: lehenengo saria bertoko produktuen sorta eta 100 euro, bigarren saria bertoko produktuen sorta eta 80 euro, hirugarren saria 60 euro eta laugarren saria 40 euro.
Gauean ere ermitan batuko direla aurreratu dute Arta auzoko jai batzordeko kideek. Izan ere, urtero bezala bertan barruan afalduko dute bertso afarira joatera animatzen diren guztiek.
Lander Ibarluzea Aitxulua eta Ramon Muniozguren Kato izango dira giroa jarriko duten bertsolariak, eta jana auzotarren esku geratuko da. «Osagai ugariz prestatutako entsalada eta ogi laban egindako baserriko oilaskoak izango ditugu afaltzeko eta postre modura irasagarra eta intxaurrak», aurreratu dute. Bertso afarian parte hartzeko 617 68 1 9 01 telefono zenbakira deitu behar da ekainaren 28a orduko.
Zapatu gauerdian, su artifizialak ere edukitzen dituztela jakitera eman dute auzotarrek, eta goizaldean herri kirolak egitera ere animatuko dira. Beraz, goizaldera arte luza dezake nahi duenak giroa.
Bertso saioa
08:00etako bolanderak jarriko ditu abian, berriz ere, Artako jaiak. 10:00etarako ermita prest izango dute, goizeko mezarako lorez jantzi eta apaintzeko. Ondoren, Markina-Xemeingo Zerutxu dantza taldekoen ikuskizuna egongo da, eta jarraian, bertsolariak. «Auzokoa den Bitorio Zelaiak antolatzen du saioa», azaldu dute. Zelaiak berak, Sebastian Lizasok, Andoni Egañak eta Mikel Mendizabalek egingo dute bertsotan oraingoan. «Sai- oa 13:00etatik 13:30era bitartean hasiko da».
Umeak izango dira domeka arratsaldeko protagonistak. Beti-betiko jolasak izango dituzte jostatzeko. Bestalde, trikitilarien doinuek alaituko dute Artako ingurune ikusgarria egun osoan. Iñaki Garmendia Laja-k eta Andoni Larrañaga Larrañaga-k izango dute horren ardura.
Festari laguntzeko, txosna ere jarriko dute auzotarrek ermitaren ondoan.