Joseba Beitia mutrikuarra 2.B mailako Ferrolgo Racing taldean ariko da
Joseba Beitia mutrikuarrak 2.B mailako Ferrolgo Racing taldeagaz fitxatu du.26 urteko erdilariak Marbella taldea utzi eta Galizian jokatuko du 2017-2018 denboraldian. Denboraldi baterako kontratua sinatu du, eta ez da izango Galizian jokatzen duen lehe...
26 urteko erdilariak Marbella taldea utzi eta Galizian jokatuko du 2017-2018 denboraldian. Denboraldi baterako kontratua sinatu du, eta ez da izango Galizian jokatzen duen lehen aldia, 2014-2015 eta 2015-2016 denboraldietan ere Somozas taldean jokatu baitzuen.
2.B mailako beste talde batzuk ere Beitia fitxatzeko interesa erakutsi zuten arren, mutrikuarrak Ferrolgo taldearen aldeko apustua egin du. Taldeak, astelehenean egin zuen ofizial albistea.
Batzar nagusiak
Urtero denboraldi amaieran egiten duten modura, Artibai Futbol Taldeak urteko batzar nagusia egingo du gaur, Uhagon kulturgunean. 18:30ean jarri dute ordua batzeko lehen deialdian, eta 19:00etan, bigarrenean. Bazkide guztiak gonbidatu dituzte parte hartzera.
Aurreko aktaren irakurketa eta onespena eginda, 2016-2017 denboraldiaren kirol balorazioa eta balantze ekonomikoa azalduko dituzte, eta ondoren, 2017-2018ko aurrekontua aurkeztuko du futbol taldearen zuzendaritzak. Bilera galdera-erantzunekin amaituko dute.
Aurrera Kirol Elkarteak ere bazkideen ohiko asanblada orokorra egingo du gaur, Kofradia Zaharreko bigarren solairuan. Batzarrerako lehen deialdia 18:30erako egin dute, eta bigarrena, ordu laurden beranduagorako.
Batzarrean, aurtengo balantze ekonomikoa eta kirol balantzea aurkeztuko dituzte. Bestalde, datorren urterako aurrekontua ere aurkeztuko du Eladino Gonzalez buru duen Zuzendaritza Batzordeak, bazkideek berau onartzeko.
Kirol arloari dagokionez, 2017-2018 denboraldirako proiektuari buruzko azalpenak ere emango dituzte elkarteko ordezkariek, aurten maila galdu baitu gizonezko nagusien taldeak. Aurten, Mikel Aramaio Aristondo izango da Aurrerako kirol zuzendaria.