Ereñozar Endurance eta Urdaibai Zaldi Taldeak antolatuta,
bihar lehiatuko dute Ereñoko XI. Raida.
Bost kategoria lehiatuko dituzte: CEI 80 km, CEN 80 km, CEN O 80 km, CEAP 60 km eta CEAP 40 km. Hain zuzen, azken horretan jokatuko dute Bizkaiko Txapelketa.
Gauerdian itxi dute izen ematea, eta kategoria guztiak kontuan hartuta,
46 zaldizkok parte hartuko dute raidean.
80 kilometrokoa egingo duten zaldizkoak
09:00etan irtengo dira Gabika auzotik, eta ordu bete beranduago hasiko da 40 kilometroko eta 60 kilometroko zaldizkoen lehia.
80 Kilometroko ibilbidea hiru fasetan banatuta dago;
lehenengoak 34 kilometro ditu eta bigarren eta hirugarren faseak 23 kilometrokoak dira.
Era berean, 60 kilometroko proba lehiatzen dutenek, 23 kilometro burutuko dituzte lehenengo fasean, bigarrenean 17 kilometro egin beharko dituzte, eta amaitzeko, berriro ere 23 kilometroko fasea dute.
40 kilometroko kategoriako zaldizkoek, berriz, lehenengo fasean 23 kilometro egingo dituzte, eta bigarrenean 17 kilometro.
Antolatzaileek azaldu dutenez, fase bakoitza kolore batez markatuta egongo da: 34 km-koa laranjaz, 23km-koa zuriz, eta 17 km-koa urdinez.
Ereño eta Nabarniz udalerrien artean burutuko dute raida, eta aurten
ibilbide berri bat estreinatuko dute: “Orain arte bi ibilbide eduki ditugu, eta aurten beste bat prestatu dugu; leunagoa eta errazagoa da, eta uste dugu jendeari gustatuko zaiola”.
Sari banaketa arratsaldean
Urtero legez, sariak arratsaldean banatuko dituzte. Kategoria bakoitzeko lehenengo hirurak garaikurragaz eta zaldientzako pentsu zaku banagaz sarituko dituzte. Era berean, maila bakoitzean lasterketa baldintzarik onenetan amaitu duten zaldiak ere sarituko dituzte. “80 kilometroko partaideetatik azkena heldu ostean banatuko ditugu sariak, 18:00ak inguruan”, zehaztu dute antolatzaileek.