Hormaetxeak, Barandikak eta Lekerikak Mexikon jokatuko dute
Momentuko pilotaririk onenetakoak Mexikon bilduko dira, Mexikoko hiriburuko frontoian jokatuko den Diez Barroso nazioarteko txapelketa lehiatzeko. 20 urtez itxita egon ostean, frontoia berriro zabaldu dute, eta erreferente bilakatu da. Hala, nazioarteko txapelketa ospetsu hori ere berreskuratu dute, eta binakako txapelketan parte hartuko dute Alex Hormaetxea bermeotarrak eta Xabi Barandika eta Unai Lekerikabeaskoa gernikarrek. Bi horiek bikotea osotuko dute, eta Hormaetxeak Inza izango du lagun.
Ibon Aldazabal berriatuarrak eta Erik Mendizabal mutrikuarrak ere jokatuko dute txapelketa hori, bikotea osatuta.
Guztira, sei bikotek lehiatuko dute saria ekainaren 28an hasi eta uztailaren 2ra arte iraungo duen txapelketan. Frontoirik luzeenean. Denek ere, beren onena emango dute txapela janzteko. Maila handiko pilotariak dira, eta sei bikoteen artean sari handiak irabazi dituztenak ere badaude. Ibon Aldazabal berriatuarra, esaterako, Dania Jai Alai frontoiko atzelaririk onenetakoa da; Binakako Txapelketa irabazi zuen 2015. urtean. Aldazabalekin bikote izango den Erik Mendizabalek, bestalde, Hiruko Koroak irabazi izan ditu. Barandika eta Lekerika gernikarrei buruz, bestalde, nabarmentzekoa da bien antolatzeko modua; galtzeko gutxi dute, eta sorpresa eman dezakete. Munduko pilotalekurik luzeena da Mexikokoa (62metro), eta joko bizia erakusteko aukera ematen du.