Gernika-Lumo eta Markina-Xemein aurrez aurre, Bizkaiko Herriarteko Zesta-Punta Txapelketako finalean
Iaz bezala, aurten ere Markina-Xemein eta Gernika-Lumoren artean erabakiko da Bizkaiko Herriarteko Zesta-Punta Txapelketa. Bihar 18:00etan jokatuko dute finala Markina-Xemeingo Unibertsitatean.
Kadete, gazte eta nagusiak aterako dira kantxara, ordena horretan. Hala, finala jokatzen lehenengoak Markina-Xemeingo Zesta-Punta Taldeko Alex eta Ander eta Gernika Jai Alai eskolako Arratibel eta Unda izango dira. Gazteen mailan, berriz, Markina-Xemeingo Gorka eta Danel eta Gernika-Lumoko Leke eta A. Urrutxuaren arteko partida jokatuko da, eta azkenik, Markina-Xemeingo Meabe eta Elkoro I eta Gernikako X. Urrutxua eta Learreta nagusien mailako bikoteen norgehiagoka.
Hirugarren urtez finalean egongo da Markina-Xemeingo taldea. Iaz, txapela janztea lortu zuten, eta aurten ere Bizkaiko sari nagusia eskuratzea bilatuko dute. Gernika-Lumoko bikoteek, hala ere, ez dituzte gauzak erraz jarriko eta iazko arantza kendu eta garaipena bere egitera aterako dira Pilotaren Unibertsitateko kantxara.