'Nachitua'-tik Natxituara
Barikuaz geroztik, euskaraz idatzita dago Natxitua auzoaren izena. Gazteleraz idatzita zegoen xafla kendu eta Etxebarriko Rosa Etxabek egindakoa jarri du Eako Udalak.Dagoeneko euskaraz irakurri daiteke Natxitua hango etxe batean dagoen errotuluan. Izen...
Barikuaz geroztik, euskaraz idatzita dago Natxitua auzoaren izena. Gazteleraz idatzita zegoen xafla kendu eta Etxebarriko Rosa Etxabek egindakoa jarri du Eako Udalak.
Dagoeneko euskaraz irakurri daiteke Natxitua hango etxe batean dagoen errotuluan. Izena ch-gaz beharrean, tx-gaz ageri da orain plakan.Eako Udalak barikuan aldatu zuen xafla, gaztelaniaz idatzitakoa kendu, eta Etxebarriko Rosa Etxabe artisauak egindako euskarazkoa jarri dute. Izan ere, Primo de Riveraren diktadura arte Natxitua euskaraz idatzita agertzen zen xafla egon zen plazan.
Euskara Batzordearen ekimenez, iazko maiatzean Eako Udalak Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu zion «erreparazio historikoa» egiteko. Hain zuzen ere, txosten bat helarazi zuten aldundira. Bertan, besteak beste, antzinako argazkia sartu zuten Natxitua euskaraz agertzen zen xaflagaz. Hala ere, esan dutenez, aldundiak ez die kasurik egin, eta udalak berak erabaki du xafla aldatzea.
Bi saiakera
Zehatz esateko, bi saiakera egin dituzte; aldundiko bi sailetara igorri zuten eskaera. Lehenengo Azpiegituretako eta Lurralde Garapenerako Zuzendaritza Nagusira bidali zuten eskaera, baina sail horrek Eako Udalari emandako erantzunaren arabera, auzoaren izena aldatzea ez zen bere eskumena. Ondoren, Ondare Sailera zuzendu zen udala, baina ez du erantzunik jaso.
Aldaketa egiteko Eako udalbatzak eta Euskara Batzordeak igorritako agirian honako bi arrazoi nagusiak zehaztu zituzten: «Izen ofiziala eta euskal era arautuaren arabera, Natxitua da. Arrazoi historikoari dagokionez, jatorrian euskaraz jarri zen errotulua, eta Primo de Riveraren diktadura sasoian gaztelaniara aldatu zuten».
Txostenagaz batera Bizkaiko Foru Aldundira bidalitako argazkia Indalecio Ojanguren argazkilariarena da, eta Gipuzkoako Artxibo Orokorrean topatu zuen udalak. «Argazkiaren data zehatza ez dago jasota, baina Foru Agiritegian agertzen diren erabakien arabera 1918-1920 bitartean jarritakoa izan behar du plakak», azaldu dute.
1924tik gazteleraz
Bizkaiko Foru Aldundiko Ondare Historikoaren Zerbitzuko Foru Agiritegian topatu zutenez, 1918ko martxoaren 30ean hartu zuten aipatu errotuluak herrietan jartzeko erabakia. Artxibo horretan dakarrenez, «jatorrian diren moduan» jarriko dira herriko izenak, euskaraz edo gaztelaniaz. 1924ko urtarrilaren 24an Bizkaiko herrietako errotuluak gaztelaniaz jartzeko erabakia hartu zuten, eta otsailean gauzatu zuten hartutako erabakia.