Bermeoko ikasleek jai giroan amaituko dute ikasturtea bihar
Badator uda, eta horregaz batera ikasturte amaiera ere bai. Aurten ere, ohiturei eutsita, Bermeoko ikasleek jai giroan amaituko dute ikasturtea. Bermeoko Udalak jakinarazi duenez, 1.500 ume eta gazte inguru batuko ditu biharko ikasturte amaierako jaiak...
Herriko ikastetxe guztietako 3 eta 12 urte bitarteko umeek eta gazteek parte hartuko dute kultura sailak antolatu dituen ekintzetan.
Ikasleek adinaren arabera parte hartuko dute ekintzetan. Hala, Haur Hezkuntzako umeak Sagrado Corazon ikastetxean batuko dira. Kiki, Koko eta Moko pailazoek Kataputxispun Festa ikuskizuna eskainiko dute, 10:30ean.
LH 1 eta 2. mailako ikasleak, berriz, Bermeoko Kafe Antzokian elkartuko dira. Bertan, Tor Magoaren magia saioagaz gozatu ahalko dute, 10:45etik aurrera. LH 3 eta 4 mailetako neska-mutilak, bestalde, 10:00etatik aurrera batuko dira Lameran, umeentzako parkea egongo baita: pista amerikarra, ohe elastikoak, txirristak eta rokodromoa edukiko dituzte aukeran, beste hainbaten artean.
LH 5 eta 6 mailako ikasleak San Frantzisko herri ikastetxean batuko dira. 10:45etik aurrera, The Funes Troup taldearen Funes van zirko ikuskizunagaz ondo pasatzeko aukera edukiko dute.
Dantzak Lameran
Eguerdian, adin guztietako ikasleak batuko dira Lameran, eta Xaiborren Dantzatlon diskofestagaz dantzatu ahalko dute.
Goizean umeentzako parkean ibiltzeko aukera eduki ez duten umeek arratsaldean ere zabalik edukiko dute, 16:00etan hasi eta 19:00etara.
Urtero egin modura, kultura sailak mahonez jantzita parte hartzeko deia egiten die ume eta gazteei.