Andoni Dominguezek garaipena eskuratu du Eibarko Astelenan
Andoni Dominguezek Burgosko Ivan Revilla garaitu zuen pisu ertaineko kategorian barikuan, Eibarko Astelena frontoian.Bariku gaueko azken borrokaldia izan zen bermeotarrarena. Hiru minutuko hiru round burutu zituzten, eta Dominguezek nagusitasunez borro...
Bariku gaueko azken borrokaldia izan zen bermeotarrarena. Hiru minutuko hiru round burutu zituzten, eta Dominguezek nagusitasunez borrokatu zuen. «Oso ondo sentitu nintzen, eta asko gozatu nuen. Entrenamenduetan ondo prestatu nuen borrokaldia, eta dena ondo atera zen. Gainera, zaleek asko animatu ninduten, giro itzela sortuz. Gau borobila izan zen», azaldu du bermeotarrak.
Dominguez Getxoko Bunk3r Boxing Schooleko kidea da, eta haren bi taldekidek ere borrokatu zuten Astelenan.
Hain zuzen, Gonzalo Martinez Getxoko boxeolariaren debuta izan zen. Pisu erdiastuneko kategorian Mikel Cid eibartarraren kontra nagusitu zen.
Bestalde, Erromoko Jon Camirugak ezin izan zuen garaipena lortu. Lehenengo bi round-ak irabazi zituen, baina hirugarrenean tentsio beherakada izan zuen, eta Jesus Matillarentzat izan zen garaipena.
Hurrengoa, Sestaon
Dominguezek Sestaon dauka hurrengo borrokaldia domekan. San Pedro Jaietako XI. Saria boxeo jaialdia Las Llanas frontoian izango da, 19:00etatik aurrera.
Mihai Cernegu errumaniarra izango da bermeotarraren aurkaria. «Gogotsu nago, eta ondo prestatu dut. Orain esperientzia hartzeko borrokaldi gehiago ateratzea espero dut», adierazi du Dominguezek.
Bestalde, uztailaren 14an etxean borrokatuko da, Bermeoko Artza frontoian. «Iaz Arrain Azokan izan zen borrokaldia. Urte asko ziren Bermeon halako borrokaldirik egon ez zela, eta Artza jendez bete zen. Giro oso ona egon zen; espero dugu oraingoan ere frontoia betetzea».