Sardegna Rally Race zapatuan (ekainak 10) hasi, eta atzo burutu zuten azken etapa. Ereñarrak
hirugarren postuan amaitu zuen
San Teodoron hasi eta amaitu zen 144 km-ko
atzoko etapa.
Arana hirugarren sailkatu zen atzo lehiatutako azken etapan.
Alessandro Botturi italiarrak (Yamaha 450) irabazi du rallya, eta Jacopo Cerutti italiarrak (Husquarna 450) eta Oriol Mena katalanak (Honda CRF 450) osatu dute podiuma.
11 ordu, 53 minutu, 18 segundo eta 99 ehuneneko denboragaz nagusitu da Botturi, eta Arana harengandik ordu bete, 17 minutu, 7 segundo ea 42 ehunenera sailkatu da.
Zapatuko aitzin-etapan zazpigarren sailkatu zen, eta zortzigarren amaitu zuen lehen etapa (domekan).
Martitzeneko hirugarren etapan, ostera, erori, eta motorra zulo batetik ateratzeko arazoak eduki zituen, eta ondorioz 40 bat minutu galdu eta sailkapenean postu batzuk behera egin zuen.
Eguazteneko etapan, esate baterako, 45 minutu, 56 segundo eta 13 ehuneneko denboragaz bederatzigarren sailkatu zen (Mancini etapa irabazlearengandik 2 minutu, 28 segundo eta 81 ehunenera), eta sailkapen orokorrean ere bederatzigarren egon zen.
Argazkia: Rally Zone.
Iazko apirilean Abu Dhabin istripua izan, eta
urte betez txapelketetatik kanpo egon ostean, maiatzaren 28an itzuli zen lehiara. Arratzuko Enduroan parte hartu, eta irabaztea lortu zuen.
Baina, egun bakarreko proba izan zen hura, eta oraingoan sei egunetan motor gainera igota lehiatu da. Lesiotik sendatzeko urte bete lehiatu gabe egonda, Sardiniako rallya amaitzeagatik
oso pozik dagoela adierazi du: “Merezi izan du. Eskerrik asko hau posible egiten duzuen guztioi”.