Atzerakontua hasita, «gogotsu» daude eatarrak herriko jai nagusien zain. Azken urteetan egin modura,
Kaiarrixa irlan txupina botata emango diete
hasiera San Joan jaiei.
San Joan bezperan, moilan batuko dira herritarrak, txalupen zain. Izan ere, jaiak hasteko Kaiarrixa irlara joaten dira eatarrak, tontorrean ikurrina jartzera.
Behin tontorrean, txupina jaurtiko dute, eta ordutik lau egun luze izango dituzte ondo pasatzeko; izan ere, beste urte batez, Jai Batzordeko kideek adin guztietako herritarrei begirako egitaraua prestatu dute.
Eatarrek argi daukate, eta Jai Batzordeko kideek ere hala diote,
herritarrentzako egunik garrantzitsuena Erreka Eguna dela, aurten, astelehenez izango dena.
Egun horretako egitaraua, urtero, «berdina ez bada, antzekoa» izaten dela diote: «Herritar guztiek
egutegian gorri daukagun eguna izaten da, horregatik, ez dugu aldatzen», diote Ieko Jai Batzordeko kideek.
Berezia dela diote,
beste jaiekin alderatuta «desberdina» omen delako. «Beste herrietako jaiek ez dute, adibidez, errekatik jaisteko aukerarik ematen. Gainera, eatar guztiak batzen gaituen eguna da. Gainontzeko jai egunak baino herrikoiagoa da Erreka Eguna».
Urterik urtera, inguruko herrietako jende gehiago animatzen dela azaldu dute: «Lehenengoz datorrenak errepikatu egiten du, gainera».
Martxotik lanean. Ieko Jai Batzordeko kideak martxoan hasi ziren San Joan jaiak prestatzen, ekainerako «dena prest» eduki asmoz. Aurten zazpi lagun inguru batu dira Jai Batzordean. Normalean gazteak batzen dira, nahiz eta nagusiek proposamenen bat edo beste egiten duten.
Aurten, berriz, herrian sortu berri duten
Ieatarrok elkartearen laguntza eduki dutela diote, eta
antzerki bat prestatu du aipatu elkarteak
ekainaren 25erako.
Bestalde,
Sokairek ere estropada solidarioa antolatu du jaien baitan egiteko. Horiek, hortaz, batzarretan egoten ez badira ere, ekarpenak egiten dituztela diote. Aipatu estropada solidarioa egin izan da beste noizbait, baina, aurten, jaien baitan egitea erabaki dute lehenengoz.
Berritasun gehiago ere badauzkate aurtengo egitarauan. Esaterako,
San Joan bezpera gauerako, kontzertuen ordez,
bideoklip lehiaketaren emanaldia jarriko dute plazoletan.
Aipatu bideoklip lehiaketan
gura duten guztiek parte har dezakete, eta lehiakideek
bideoklipak prest eduki beharko dituzte ekainaren 22rako. Baldintza bakarra da,
lau minutu eta erdi baino gutxiagokoa izan beharko duela.
Aurkezpenaren ordua umeentzako berandu izango denez, eta ume eta gazteen parte hartzea handia baldin bada, hilaren 25ean, jaien baitako Umeen Egunean ere, lehiaketara aurkeztutako bideoklipak berriro jartzeko asmoa agertu dute.
Edozein gai jorratu daiteke bideoklipean, eta
abesti bat baino gehiago sartzeko aukera ere badagoela gogorarazi dute Jai Batzordeko kideek. Esan dutenez, lanik onenentzako sariak egongo dira.
Leku aldaketaren bat ere egongo da aurten.
23ko sardina jana, esaterako, plazoletan egingo dute, hondartzan egin ordez. Bestalde, jai egitarauan kendu ezin daitezkeen ekintzak nabarmendu dituzte: San Joan sua eta sardina jana, kasurako.
Hemen egitaraua:
Ekainak 23. Barikua.
-16:30. Txupinazoa Kaiarrian.
-18:00. Dangiliske Plaza Dantzak, plazoletan.
-20:00. Ieko Dantza taldearen emanaldia.Ostean, sardina jana.
-23:00. Su artifizialak, Moilatik. Ostean, ikuskizuna Aritzan.
– 00:00. San Joan sua.
-01:00. Bideoklip lehiaketaren emanaldia, plazoletan.
Ekainak 24. Zapatua.
-12:00. Meza San Juan elizan.
-13:00. Ohorezko aurreskua. Ostean, hamaiketakoa plazoletan.
-15:30. Herri bazkaria..
-18:00. Dangiliske Plaza Dantzak, plazoletan. Bazkalostean, musean aritzeko aukera egongo da.
-19:00. Josu Bergara abeslariaren kontzertua, plazoletan.
-20:30. Kantu poteoa.
-23:30. Erokomeri erromeria.
Ekainak 25. Domeka.
-12:00. Umeentzako ur jolasak, plazoletan.
-17:00. Estropada solidarioa, Sokairetik hasita.
-18:30. Joxe Mendizabalen eskutik umeentzako erromeria, plazoletan.
-21:00. Mara feat ipuin musikatua, Eskolondon.
Ekainak 26. Astelehena.
-12:00. Ate gainekoa, plazatik.
-13:00. Ardoa Barrura fanfarrea.
-17:00. Piñatak, plazoletan.
-17:30. Errekara.
-21:00. K TUM K Batukada.
-00:30. DJ Jotatxo.