Bermeoko Udalak aurrekontu parte hartzaileak nahi ditu, eta, horretarako, herritarrei beren proposamenak egiteko eskatu die. Guztira, 103 proposamen jaso dituzte, eta udal teknikariek bideragarriak direnak aukeratu dituzte. Hain zuzen, bermeotarrek aurkeztutako 46 proiektu egiteko modukoak direla uste dute udal arduradunek, eta 19 taldetan sailkatu dituzte.
Udalak aukeratutako proposamen guzti horiek bozkatu ahal izango dituzte herritarrek, ekainaren 19tik uztailaren 2ra bitartean. Proiektuak ezagutu ostean botoa eman gura duenak kultur etxera, liburutegira, kiroldegira, Berhaz-era eta udalaren zaharren egoitzara jo beharko du; leku horietan izango ditu horretarako hautestontziak. Halaber, asteburuetako egun batzuetan Lameran eta Goiko plazan ere ipiniko dituzte botoa emateko buzoiak.
Proiektu egitasmo denen artean, sailkatutako 19 taldeetatik hiru aukeratu ahal izango dituzte bermeotarrek; eta, ematen dieten garrantziaren arabera, lehenengoa, bigarrena eta hirugarrena zehaztu beharko da.
Bozketako emaitzak lotesleak izango direla zehaztu du Bermeoko Udalak, eta boto gehien duen proiektua garatuko dute. Hori dela eta, herritarrak parte hartzera gonbidatu ditu udalak, “Bermeorentzat onuragarriak diren proiektuak aukeratzeko, eta Bermeo guztion artean eraikitzeko”. Bermeoko aurrekontuei eta aukeratutako proiektuei buruzko informazioa ikusgai ipini du udalak
http://erabaki.bermeo.eus/ atarian.