Gernika, Taraska eta Tximistakoek marka onak lortu dituzte Bizkaiko lehian
Kadeteen Bizkaiko Txapelketa Durangon lehiatu dute. Leku berean lehiatuko dute Euskadiko Kluben arteko Txapelketa ere, kadete eta 19 urtez azpikoen kategorietanBermeoko Taraska, Gernika Atletismo eta Lekeitioko Tximista atletismo taldeek Kadeteen Bizka...
Kadeteen Bizkaiko Txapelketa Durangon lehiatu dute. Leku berean lehiatuko dute Euskadiko Kluben arteko Txapelketa ere, kadete eta 19 urtez azpikoen kategorietan
Bermeoko Taraska, Gernika Atletismo eta Lekeitioko Tximista atletismo taldeek Kadeteen Bizkaiko Txapelketa jokatu zuten Durangon bariku arratsaldean eta zapatu goizean.Halaber, Tximistako Paul Lauzirikak eta Mikel Dolaragak 2. mailako txapelketa lehiatu zuten domeka goizean Durangon. Lauzirikak 1,70 marka lortu zuen altuera jauzian eta Dolaragak 4?400 metroko erreleboan parte hartu eta irabazi zuen.
Neska-mutilak bikain aritu zirela azpimarratu dute Tximista atletismo taldeko arduradunek. «Taldeak urte guztian egindako lanaren emaitza onak ikusi ditu asteburu honetan ere. Denek beren marka pertsonalak hobetu zituzten, eta zortzi dominekin bueltatu ginen etxera».
Esate baterako, Irati Iriondok Espainiako Txapelketan parte hartu ahal izateko gutxieneko marka egin zuen 100 metro leunetan, 12:95eko denboragaz.
Bermeoko taldeari dagokionez, bariku arratsaldeko saioan, Garazi Lertxundik lehen postua lortu zuen pisu jaurtiketan eta disko jaurtiketan. Bestalde, Lorea Erekatxo eta Izaro Egibar bigarren eta hirugarren sailkatu ziren, hurrenez hurren 300 metroko proban, eta Itziar Olondo, berriz, hirugarrena izan zen 1.500 metroko oztopo-hesi proban.
Zapatu goizean ere lan bikaina burutu zuten Taraska Atletismo taldekoek, postu onak eta hainbat podium lortuz. Nagore Odiagak brontzezko domina irabazi zuen 100 metroko proban, eta Espainiako Txapelketara sailkatzeko gutxienekoa lortu zuen. Dominarik lortu ez arren, taldeko beste hiru neskak lortu zuten finalera sailkatzea.
Mailu-jaurtiketan Leire Barrerasek zilarrezko domina lortu zuen, eta Garazi Lertxundik brontzea eskuratu zuen xabalinan. Harentzat asteburu borobila izan da, aipatu moduan pisu jaurtiketan eta disko jaurtiketan urrezko dominak lortu zituelako, eta xabalinan brontzezkoa.
Bestalde, Ibon Olondo laugarren sailkatu zen jauzi hirukoitzeko proban, eta 1.000 metroko proban estreinako parte hartu zuten neskek ere «oso marka onak» lortu dituztela nabarmendu dute. «Talde polit bategaz joan ginen, eta gure zein beste taldeetako neska-mutilek oso ondo lehiatu zuten», azaldu dute Taraskakoek, guztiak zorionduz.
Gernika Atletismo Taldeko kideak ere pozik bueltatu dira Durangotik. Sei kadetek parte hartu zuten Bizkaiko Txapelketan, zein bere modalitatean.
Horietatik, Afrike Batizek urrezko domina eskuratu zuen zapatuan xabalinan, 25 metro pasatxoko markagaz. Bestalde, aurreko egunean, 300 metroko proban lehiatu zen.
Barikuko saioan, pisu jaurtiketan Beñat San Jose eta Lautaro Suarez finalera sailkatzeko zorian geratu ziren, eta luzera jauzian ere Iara Auzokoa eta Irati Unzueta ere gutxigatik geratu ziren finaletik kanpo.
Zapatuan 1.000 metroko probak lehiatu ziren. «Beñat San Josek 3 minutu eta 15 segundoko denbora markatu zuen. Iara Auzokoak, Irati Unzuetak eta Lucia Aretxederretak 4 minutu inguruan ibili ziren, taularen erdialdean sartuz», esan dute Gernika-Lumoko taldekoek.
Euskadikoa, asteburuan
Etzi Durangon lehiatuko dute Euskadiko Kluben arteko Txapelketa kadete eta 19 urtez azpikoen kategorietan. Ekainaren 24an, ostera, Gasteizen jokatuko dute Euskadiko Bakarkako Txapelketa.