Urtero legez,
Ogoñope Surf Taldeko kideak Laga hondartza eta ingurua garbitzeko batu ziren zapatuan. Azaldu dutenez, iaz baino zabor gutxiago batu dute aurten;
20 bat kilo hartu dituzte oraingoan.
Hondartza ingurua nahiko garbi egon zela zehaztu dute, izan ere, bertan badago garbiketa zerbitzua. Hondartza inguruan paperak eta zigarrokinak batu zituzten. Galdaraposu inguruan batu zuten hondakin gehien. Besteak beste, plastikoak, kordelak eta burdin zatiak topatu zituzten bertan.
11:00etan elkartuta, ordu eta erdiz ibili ziren hara eta hona zaborra batzen. “Surf taldekoen eta guri laguntzera hurbildu zirenen artean, 15-20 pertsona elkartu ginen, eta zabor bilketaren ondoren, parte hartu genuen batzuk barbakoa egin genuen, giro paregabean”, azaldu dute Ogoñope Surf Taldeko kideek.
Argazkia: Ogoñope Surf Taldea.