Kilometro Bertikalen Munduko Koparako baliogarria den Kantabriako Fuente De proban bigarren postua eskuratu dute Imanol Goñi eatarrak eta Maria Zorroza gernikarrak.
Argazkia: Arrolape M.K.
Proba bukatzeko, hain zuzen, 34 minutu eta 16 segundo behar izan zituen eatarrak, eta 42 minutu eta 27 segundo, berriz, gernikarrak. Gizonezkoen artean, Ferran Teixidok irabazi zuen proba, eta 33 minutu eta 37 segundoko denbora markatu zuen. Hirugarren gizonezkoak (Iñigo Lariz) Goñik baino 20 segundo gehiago behar izan zituen proba burutzeko.
Emakumezkoetan, aldiz, Maite Maiorak garaitu zuen Fuente De kilometro bertikala, 39 minutu eta 36 segundoko denbora eginez. Ainhoa Lendinezek egin zuen, ostera, hirugarren, eta 45 minutu eta 9 segundo behar izan zituen helmugara ailegatzeko. Alegia, Zorrozak baino ia 3 minutu gehiago.
Arrolapetar ugari
Arrolapetar ugarik parte hartu zuten asteburuan Kantabrian lehiatutako proba horretan. Goñiz eta Zorrozaz gain, gainontzeko arrolapetarrek ere emaitza onak lortu zituzten.
Taldeko Arkaitz Ibarretxek, esaterako, laugarren egin zuen junior mailan, 49 minutu eta 13 segundoko denboragaz. Ekaitz Lejarzegik 19. postua eskuratu zuen gizonezko senior mailan, eta Aitor Ayok, aldiz, 21. postua. Unai Gorriñok, bestalde, 67. egin zuen.