Morgako errebolberrak ezin hobeto hasi du Ameriketako Estatu Batuetako abentura. Jose Antonio Abreu dominikarra izan du hango lehen aurkaria, eta
bigarren round-ean KOz hartu zuen mendean bariku gauean, New Yorkeko Verona kasinoan.
Lehen borrokalditik
nagusitasunez aritu zen Lejarraga, eta bigarren borrokaldia hasi eta bi minutu eta zortzi segundora bertan behera utzi zuen epailean, garaipena morgarrari emanez.
Lejarraga pozez zoratzen garaipena lortu zuen unean.
Argazkia: MGZ Promotions.
AEBtan lortutako garaipena morgarrak profesionaletan lortzen duen 22.ena da (horietatik 18 KOz). Hain zuzen ere, profesionaletako borrokaldi denak irabazi ditu.
Aurreko asteko Londreseko erasoan hildako Ignacio Echeverriari eskaini zion garaipena, “heroi bat izanda zendu zelako”, eta horrekin batera etxekoentzat
esker oneko berbak izan ditu sare sozialetan zabaldu duen mezuan: “Hasi nintzenetik nigaz egon den Euskal Herriko jende guztiari esker amets hau bete dudala ez dut ahazten! Milesker bene benetan! Maite zaituztet!”.
Bestalde, boxeo jaialdi berean,
Morgako errebolberraren borrokaldiaren ostean,
Jon Fernandez Etxebarriko boxeolariak AEBtako haren hirugarren borrokaldia izan zuen. Lejarragak bezala, hark ere KOz irabazi zion Juan Reyes mexikarrari. Bigarren borrokaldi hasi eta bi minutu eta 36 segundora gelditu zuen borrokaldia epaileak.
Profesionaletan lehiatu dituen hamahiru borrokaldietatik denak irabazi ditu, eta horietatik 11 izan dira KOz.
Abreu eta Lejarraga pisaketaren ondoren. Argazkia: MGZ Promotions.