Beste bost jokalarik kontratua berritu du Gernikagaz
SD Gernika Klubak beste bost jokalariren kontratu berritzeen berri eman du. Kevin Callek, Ibon Enziondok, Ander eta Gorka Larruzeak eta Jon Madrazok beste urte baterako akordioa sinatu dute Gernika-Lumoko klubagaz.
Enziondok bosgarren denboraldia beteko du Gernikan. Klubean “oso gustura” sentitzen dela adierazi du; denboraldi berria hasteko eta aurreko denboraldiko emaitzak hobetzeko ilusioagaz eta gogotsu dago: “Taldean familia bat gara. Beti danok batera, eta bide berdinean goaz”.
Callek iazko denboraldiko minutu guztiak jokatu zituen, eta klubak zein talde teknikoak harengan erakutsitako konfiantza eskertu du. Halaber, taldekideentzat ere esker oneko berbak izan ditu. “Gorabeherak eduki arren, umiltasunari eta adiskidetasunari esker, orain arte jarritako helburuak bete ditugu. Denboraldi honetan ere erronka zoragarri bezain zaila dugu, baina beste denboraldi batez gernikarren babesak helburuak lortzen lagunduko digu”.
Halaber, Madrazok ere zuzendaritzari, talde teknikoari, taldekideei eta zaleei eskerrak eman dizkie, etxean bezala sentiarazi dutelako. “Familia bat bezalakoa da. Orain arte moduan, mugarik barik hobetzen jarraitu behar dugu. Aurreko denboraldia oso ona izan zen, eta oraingorako inoiz baino gogotsuago nago”.
Bestalde, Ander eta Gorka Larruzea anaiek hirugarren urtez jarraian talde berean jokatuko dute.
Ander Larruzearen berbetan, taldean “kuadrilla bat” osatzen dute, eta horrek indarra ematen dio taldeari. “Jokalari asko gernikarrak gara, eta gainontzekoak herrikoak izango balira bezala jokatzen dute. Kalitatea duen taldea garela uste dut, eta mailari eusteko balio duguna erakusten segitzea espero dugu”.
Gorka Larruzeak klub “ezin hobea” dela azaldu du, eta klubean daramatzan urteetan harengan konfiantza dutenentzat esker oneko berbak izan ditu. “Urbietara taldea animatzera hurbiltzen direnei ere eskerrak eman gura dizkiet, eta etxeko zein kanpoko partidetara gero eta jende gehiago etortzea espero dut, eta 2.B mailan urte askotan jarraitzea”.