Zortzigarrenez antolatu dute muxikarrek Gazte Eguna, eta San Roman auzoan bilduta daude gaur. Gazte Eguna deitzen badiote ere, gazteak eta ez hain gazteak batu dira paellak egiteko.
Txupinarekin eman diote hasiera egunari, 10:00ak aldera. Ondoren, San Romanen batutako kuadrillak suak eta osagaiak prestatzen hasi dira arrozak egiten hasteko.
Goiza paellak prestatzen eman dute bertaratutakoek, zeinek paella gozoagoa egin. 14:30etarako arroza puntuan eduki behar zuten, goizean zehar egindako lana aurkeztu behar baitzuten. 13 paella aurkeztu dituzte aurtengo paella txapelketara. Puntuazioak Ibai Amillategi, Asier Galarza eta Aitor Etxebarriazarraga bertsolariak eman dituzte.
Eneko McQueenen paella izan da gozoena epaimahaikideen arabera. Bigarrena, GFS izan da. Pernil bat ere zozkatu dute.
Paella txapelketaren irabazlea
Arrozak prestatu bitartean, Basotxoritxu dantza taldeak girotu du auzoa lehenengo, eta beranduago iritsi dira danbor hotsak, Tukatukada batukadagaz. batukada taldeak dantzan jarri ditu kuadrillak.
Kuadrilletan paellak prestatu badituzte ere, bazkal orduan, denak batera bazkaldu dute bertso bazkarian batuta. Epaimahikide aritu diren Amillategi, Galarza eta Etxebarriazarragaren bertsoek girotu dute bazkalostea.
Indarrak batuta, bazkal ostean eta paella txapelketako sariak banatu ostean, kuadrillen arteko olinpiadetan ari dira, bai eta mus jokoan ere. Umeentzako jokoak ere badaude.
Iluntzean, berriz, inguruko herrietako gazteak ere hurbilduko dira San Romanera. Hexen, Urrats, Sarkor eta Vendetta taldeek animatuko dute San Roman gaina, eta goizaldera arte, TPR Kool Thingegaz dantzan jarraitzeko aukera edukiko dute