Naiara Diezek bosgarren denboraldia beteko du Gernika-Lumoko taldean
Altsasuarraren kontratu berritzea eguerdian jakitera eman du Gernika KESB klubak. Orain arteko lau denboraldiak jokalariarentzat zein taldearentzat “oso emankorrak” izan direla-eta klubaren zein haren helburua taldean jarraitzea izan direla zehaztu dute.
Diezen lana goraipatzeagaz batera, hark kantxan zein taldekieekin duen jarrera nabarmendu du klubak, eta beheko mailetako jokalarientzat eredugarria dela adierazi du: “Gernikarra sentitu, eta horrela jarduten da; klubaren baloreak ezin hobeto adierazten ditu”.
Jokalari zein kapitain moduan zorioneko sentitzen dela dio nafarrak: “Maite nauen eta ondo sentitzen naizen klubean jarraitzeagatik oso pozik nago. Herri honek gernikar bat bezala sentiarazten nau. Beste denboraldi batez gozatzen eta publikoa gozarazten jarraitzea espero dut”.
Diezen berbetan, orain arteko bideari segituz, denboraldiz denboraldi “pauso bat” gehiago emateko erronka dute. Haien nortasunaren ezaugarriei eusteko asmoa agertu du: “Umiltasunez, sakrifizioagaz eta dena emanez jokatuko dugu”.