2017ko udal aurrekontuen baitan, hainbat proiektu egitea aurreikusten du Gernika-Lumoko Udalak; epe luzera begirakoak dira horietako batzuk, eta epe laburrerakoak, ordea, beste zenbait. Azken horietan kokatzen dira, esaterako, Bidegorriaren luzapena, Santa Luzian egin nahi dituzten komun publiko eta aterpedun gunea, Lorategietan jarriko duten umeentzako parkea eta autobus geltokian ipiniko duten erlojuaren proiektuak.
Gaur Gernika-Lumoko alkate Jose Mari Gorroñok datozen hileotarako dituzten zenbait proiekturen barri eman du. Batetik, Bidegorriaz aritu da, eta, horren harira aipatu du Mestikabason, skate parkearen goiko partean, Bidegorria luzatuko dutela, “orain arteko ezer ukitu gabe”.
Erloju bat jarri nahi dute Gernika-Lumoko autobus geltokian.
Kale berean amaitzen da gaur egun Bidegorria, eta horri jarraipena emateko, 370 metroz luzatuko dute. Hainbat aparkaleku daude gune horretan, baina Bidegorria egiteko ez dutela aparkalekurik kenduko ziurtatu du Gorroñok. Hain zuzen, espaloiaren ondoan egingo dute Bidegorriaren luzapen hori; hala, orain arteko bi metroko espaloiaren aldamenean zabalera bereko Bidegorria egingo dute.
Lan horiek egiteko 175.000 euroko aurrekontua edukiko du udalak, eta hiru hilabete inguruz ariko dira lanean, udaran hasita.
Mestikabasoko kale horretan, gainera, ingurua atontzeko asmoa ere badauka udalak, 330 metrotan, “auzokideek hala eskatuta”. Gainera, beste fase batean, Bidegorria Santa Luziaagaz lotzeko lanak egitea ere aurreikusten du.
Santa Luzian, komunak eta gune estalia
Santa Luzian bertan ere aurreikusten ditu zenbait lan Gernika-Lumoko Udalak. Hain zuzen, ermitari itsatsita dagoen eraikin horretako lanei jarraipena ematea da bere asmoa. Iaz, eraikinaren teilatua konpondu zuten, ia 40.000 euroko gastua eginda, eta orain, beste fase bati heldu nahi diote. 124 metro karratu ditu eraikinak, eta horietatik 24 metro karratu komun publikoak egiteko erabili nahi dituzte. Joan den astean hasi zituzten horretarako lanak. Pasealeku azpiko komunen tankerakoak izango direla aurreratu du herriko alkateak, eta ordutegi bera mantenduko dutela aipatu du; alegia, goizean irekiko dituzte udaltzainek, eta gau partean itxi.
Beste 100 metro karratuetan, berriz, gune estali bat egin nahi du udalak, herritarrek umeekin egoteko aukera izan dezaten. Bertan, aulkiak eta mahai batzuk jarriko dituzte, eta komunen ordutegi berean egongo da leku hori irekita. Hala, “euria denean zein eguzkia dagoenean” bertan egon ahalko dute auzokoek.
Komunak eta gune estalia eraikin berean egongo diren arren, bananduta egongo dira, eta bakoitzak bere sarbidea izango du.
Gorroñoren arabera, “ezinbestekoa” da Santa Luzian aipatu zerbitzu hori ematea, eta horretarako, 44.375 euroko aurrekontua erabiliko dute. Uztail erdirako komunak prest egotea aurreikusten du alkateak, eta horien lanak amaitu bezain pronto hasiko dituzte gune estaliarenak, bere arabera.
Lorategietan, umeentzako parkea
Umeak gune estalian ez ezik, parkean ere gustura asko egoten dira; hala nola, zabuak daudenetan. San Juan Ibarra plazan, esaterako, ume eta guraso ugari biltzen dira egunero egunero. Iazko udan berritu zituzten bertako zabuak ere, eta baita bertako lurzorua. 76.000 euro gastatu zituen orduan, udalak. Laster, Lorategieta inguruko auzokoek ere izango dute parkeaz gozatzeko aukera auzoan bertan, umeentzako zabuak jartzea aurreikusten baitu udalak aurki. Alkateak iragarri duenez, denbora da auzokideak halako parke bat eskatzen dabiltzana, eta dioenez, San Juan Ibarrakoen kalitate bereko zabuak jarriko dituzte bertan ere. Ping pong-ean aritzeko mahaia dagoen lekuan jarriko dute umeentzako parkea, eta mahai hori iturriaren beste aldera pasatuko dute, horretara jokatzeko aukera ere mantenduz.
Auzo horretako auzokideek, baina, horiez gozatzeko, uztail erdialdera arte itxaron beharko dute, ordurako aurreikusten baitute parkea jarrita egotea. Lan horietarako 35.000 euroko aurrekontuaz baliatuko da udala.
Autobus geltokian, erlojua
Azkenik, autobus geltokian erloju bat jarriko dutela aipatu du Gorroñok. “Ohikoa da tren eta autobus geltokietan erloju bat egotea, eta Gernika-Lumon geltokia berria egin, eta erlojua falta zen”, azaldu du. Hala, datorren astean jarriko dute alde bietatik ordua erakutsiko duen erlojua. Horretarako, bost metrotako zutabe bat jarriko dute; “duela urte batzuk kale-argi bat izandako zutabe bat da, berreskuratu eta erlojua jarri ahal izateko egokitu dena”. Horretarako, 4.100 euro erabiliko ditu udalak.