12:00etan Bermeoko portutik irtengo dira igerilariak, 2.500 metroko itsas zeharkaldia burutzeko.
Iazko neopreno gabekoen kategoriko azkarrenak, Adnan Mustafic-ek
ordu erdi baino gutxiago behar izan zuten Mundakako portura heltzeko. 27 minutu eta 55 segundotan amaitu zuten Bermeo eta Mundaka arteko itsas lasterketa. Kategoria berean Irati Mendia nagusitu zen emakumezkoetan, eta hark 31 minutu eta 17 segundotan burutu zuen proba.
Bestalde, Ciro Tobar eta Ana San Martin izan ziren onenak neoprenoagaz lehiatu zirenen artean. Tobarrek 29 minutu eta 5 segundoko denbora markatu zuen helmugan, eta San Martinek 33 minutu eta 48 segundokoa.
Lasterketa lehiatuko duten faboritoen artean daude Mustafic sopelarra eta 2014ko irabazle Magdalena Musons barakaldarra. Antolatzaileek adierazi dutenez, Euskal Herriko eta Espainiako txoko desberdinetatik etorritako igerilariek lehiatuko dute proba.
Aurten lehenengoz
proba solidarioa izango da. Hain zuzen ere,
Deporte sin barreras fundaziora bideratuko dute izen emateetatik lortzen duten diruaren zati bat. Zehatz esateko, izen emate bakoitzetik bost euro emango dizkiotei, beraz,
1.500 euro. Sarik banaketa ekitaldian emango diete txekea fundazioko ordezkariei.
Aipatu fundazioak menpekotasun fisiko edota psikologikoak dituzten pertsonek kirola praktikatzeko aukera izan dezaten lan egiten du.
Aurtengo probak aurreikuspen guztiak gainditu ditu dagoeneko. Izan ere, otsailaren 15ean 08:00etan ireki zuten izen ematea eta 9 minututan plaza guztiak (300) bete ziren. Guztira,
ia 400 igerilarik lehituko dute zeharkaldia. “Gonbidapenentzat eta babesleen konpromisoentzat uzten ditugu leku batzuk, eta guztira 380-400 igerilarik parte hartuko dute”, zehaztu dute antolatzaileek.
Beste urte batez
lau kategoria daude oraingo honetan ere: Gizonezkoak neoprenoagaz, emakumezkoak neoprenoagaz, gizonezkoak neoprenorik barik, eta emakumezkoak neoprenorik barik. Partaideak antolatzaileek jarritako autobusean joango dira Mundakatik Bermeora.
Kategoria bakoitzeko lehenengo hirurak sarituko dituzte, eta halaber, lehenengo mundakarrak edo bermeotarrak ere saria jasoko du.
Bestalde, babesleek utzitako
zenbait material zozkatuko dituzte parte hartzaileen artean: neoprenoak, eguzkitako zein igeriketarako betaurrekoak, toallak, Tomtom erloguak…
Antolatzaileek babesleen eta Mundakako eta Bermeoko Udalen zein herritarren laguntza eskertu eta nabarmendu dute: “80 bat kolaboratzaile edo boluntario izango ditugu. Herritarren laguntza hori da proba egitea posible egiten duena”.
Sari banaketaren aurretik, proba amaitzean, partaideak Mundakako Arraun Taldearen lokalean edota Mundaka Hostel-en dutxatu ahalko dira.
Antolatzaileek adierazi dutenez, itsas baldintza onak daude aurreikusita domekarako.