Oriotarrek irabazi dute Mutrikuko traineru estropadako XVIII. Ikurrina
Eguraldi aldaketak asko baldintzatu zituen estropadako azken txanda biak, eta horretaz baliatu zen Orioko bigarren trainerua. Lehen txanda biak erlojuaren aurka egin zituztenOrio B-k irabazi zuen zapatuan, Mutrikuko estropada, itsasoaren egoeraz eta ha...
Eguraldi aldaketak asko baldintzatu zituen estropadako azken txanda biak, eta horretaz baliatu zen Orioko bigarren trainerua. Lehen txanda biak erlojuaren aurka egin zituzten
Orio B-k irabazi zuen zapatuan, Mutrikuko estropada, itsasoaren egoeraz eta haizeaz baliatu eta faborito guztiak atzean utzita. Orioko traineruak 21 minutu eta 25 segundo behar izan zituen lau luzeak egiteko. Lehen txanda biak erlojuaren aurka egin zituzten zortzi traineruk, eta hurrengo txandetako gainontzeko zortziek, linean.Bigarren eta hirugarren txanden artean eguraldia asko zakartu zen, eta horrek aurten TKE eta KAE 1 mailetan aritu behar diren traineru gehienak bandera lortzeko lehiatik urrun geratzea ekarri zuen.
Isuntza hirugarren txandan aritu zen, eta zazpigarren postua lortu zuen 21:41eko denboragaz. 67 ehuneneko gehiago behar izan zituen Bermeok, eta zortzigarren postuan amaitu zuen. Ondarroa eta Mutriku, bestalde, sailkapenaren azken postuetan geratu ziren. Antiguako Ama traineruak 22:09 minutuko denbora behar izan zuen estropada amaitzeko, eta Mutrikuk 22 minutu eta 53 segundo. Sailkapenaren 14. eta 15. postuetan sailkatu ziren, hurrenez hurren.
Urdaibai, hirugarren
Joan den astean Ondarroan jokatutako Antiguako Ama bandera Orioko lehen traineruak lortu zuen, eta Mutrikukoa berriz, bigarrenak eraman du.
Beste alde batetik, asteburuan Meirako uretan (Galizia) jokatu den Espainiako Trainerilla Txapelketan brontzezko domina irabazi du Urdaibaik. Txapelketa Zierbenak irabazi zuen; bermeotarrek irabazleek baino bederatzi segundo gehiago behar izan zituzten estropada amaitzeko. 13 minutu eta 31 segundoko denbora egin zuten.