Jon Altamirak eta Koldo Berasaluzek kontratua berritu dute
Gernikarrek beste urte baterako akordioa lortu dute SD Gernika Clubagaz. Altamira atezainak seigarren denboraldia beteko du taldeagaz, eta Berasaluze erdiko defentsak, berriz, laugarrena.
Bestalde, Unai Intxaustik, Gorka Riberak, Iñigo Muñozek eta Abou Diarrak ez dutela taldean jarraituko jakinarazi du klubak.
Altamirak adierazi duenez, klubaren eskaintza jasotakoan ez zuen zalantzarik izan, eta zuzendaritza zein talde teknikoak harengan “beti egindako apustuagatik” pozik dago, garai txarrenetan ere babestu dutelako. “Oso pozik sentitzen naiz seigarren urtez familia honen parte izateagatik. Beste urte batez jendeak gurekin 2.B mailan disfrutatzea, harmailak betetzea eta jarraitzaileak ilusionatzea espero dut”.
Taldekieen artean egondako giro ona nabarmendu du gernikarrak, eta 2017-2018 denboraldiko helburua “mailari eustea” izango dela zehaztu du.
Berasaluzek ere Gernika “klub bat baino gehiago” dela azpimarratu du, familia bat osatzen dutelako, eta klubari zein Jabi Luaces entrenatzaileari eskerrak eman dizkie harengan erakutsitako konfiantzagatik.
Era berean, astebururo haiekin dauden jarraitzaileentzat ere esker oneko berbak izan ditu. Haiek gabe “askoz zailagoa” izango zela adierazi du, eta haiengandik “dena emango” dutela. “Urte zaila izan da, oso maila handiko taldeen aurka aritu garelako, baina horrek gogorragoak egin gaitu. Asko disfrutatzen dut eta etorkizunean ahaztezinak izango diren momentu on guztiekin gelditzen naiz”.