Herrian zerbitzu hobea emateko tresneria aurkeztu du Bermeoko Udalak
Kaleak garbitzeko bi makina eta zerbitzuetarako hiru ibilgailu berri aurkeztu dituzte
Bermeoko alkate Idurre Bideguren eta Benito Ibarrolaza zerbitzuetako zinegotziaren arabera, «horiekin herrian zerbitzu hobea ematea lortuko da, baliabideak berriztatzeak onurak dakartzalako: kontsumo gutxiago, kutsadura gutxiago, kalitate hobea…». Mantenu kostuak ere gutxitu egingo direla azaldu dute, renting enpresak hartzen baititu bere gain aipatu kostuak.
Kale garbigailuek sorrarazten zituzten zaratagatik kexa ugari izan dituztela esan du Ibarrolazak; hortaz, berriek «askoz zarata gutxiago» egiten dutela dio. Horien ekipamendua dela eta, garbiketa «oso eraginkorra» lortzen da, «kaleko leku guztietara iristen baita». Haize makina berri bat ere eskuratu dute.
Baliabide berri horiek otsailean aurkeztu zuten kale garbiketa plangintzaren barneko bitartekoak direla azaldu dute.
Zerbitzu saileko ibilgailu berrietako bat ere garbiketa lanak egiteko erabiliko dute, beste biak, berriz, brigadentzat.
Udalak herritarren bizi kalitatea «hobetu» eta «kalitatezko zerbitzuak» eskaini gura ditu. Gaur aurkeztutako baliabide berriek xede horiek lortzen lagunduko dutela uste dute.