Elantxobeko Arrantzaleen Kofradiaren ondoan suteei aurre egiteko materiala gordetzeko etxola ipiniko dute
Maiatzaren 23ko Osoko Bilkuran portuan antzinako Arrantzaleen Kofradiaren ondoan, zerbitzu publiko asistentzialen euskarri gisa suteen kontrako materialak gordetzeko etxola bat egitea onartu zuten. Bertan suak itzaltzeko askotariko materiala bilduko dute, eta horiek barkuak hondoratzen direnean edota Bizkaiko Portuen Sailaren garbiketa lanetarako ere erabili ahalko dituzte.
Bizkaiko Suhiltzaileen Parkeko Suteen Kontrako Prebentzio Baliabidea Egiteko proiekturako 3.857,24 euroko aurrekontua aurreikusi dute.
Horregaz batera, kofradia zaharraren inguruan osasun langileen ibilgailuentzat, suhiltzaileentzat eta udal langileentzat aparkalekua erreserbatuko dute. Batik bat Osakidetzako Lehen Mailako Asistentzia Zerbitzua errazteko helburuagaz egokituko dute aparkalekua, larrialdiko zerbitzuko langileei zein etxez etxeko kontsultak egitera doazenei haien lana errazteko.
Halaber, Lurzoru Industrialaren Eskaintzaren hirugarren fasea ere onartu zuten. Udal Aterpetxearen eraikina jarduera ekonomikoetara edota portuko jardueratara bideratzea da asmoa. Era berean, eraikina erabilera desberdinetarako banatzea ere aurreikusi dute.
Osoko Bilkuran aterpetxearen eraikina “atzeratzeko aurreproiektuaren eskaera” onartu zuten, lana egiteko fasea zehaztuz, eta Kostaseko Demarkazioagaz hartutako “konpromisoa betetzeko” asmoa agertu zuen udalak, itsas pasealekua egin ahal izateko.
Zorrik barik
Elantxobeko Udalak udal diru-kutxa garbia daukala jakinarazi du: “Egoera ekonomiko orekatu honek herria berpizteko eta hobetzeko estrategian aurrera egiteari laguntzen dio”. Udalak diru-kutxaren egoera finantziarioaren berri eman zuen azken Osoko Bilkuran, aurrezpen garbi negatiboarekin, 0 zorrekin eta zerbitzuen hobekuntzari zuzendutako kudeaketarekin.
Elantxobeko Udalak herria hobetzearen aldeko “apustu sendoa” mantentzen duela adierazi du Josu Olagibel alkateak, zerbitzu “gehiago eta hobeagoak eskeiniz” eta herriko bizkortze sozio-ekonomikoaren aldeko proiektu estrategikoen bitartez.
Bestalde, Madalenetako segurtasuna ere hizpide izan zuten Osoko Bilkuran. Izan ere, Elantxobeko, Ibarrangeluko eta Mundakako udalak elkarlanean segurtasun neurriak indartzeko egitasmoa gauzatuko dute, arriskuak saihesteko. Eusko Jaurlaritzagaz adostea da haien asmoa.