Auzolanean aztertuko dute Gaztelugatxeko bioaniztasuna
Gaztelugatxen fauna exotiko inbaditzailea kontrolatzeko auzolana antolatu dute zapaturako, hain zuzen ere, bioaniztasunaren aldeko auzolana dela azaldu dute. Bermeoko Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailaren eta Ekoetxea Urdaibairen laguntzarekin antolatutako jardunaldia da.
Adituek diotenez, 90. hamarkadan Pitisusas-eko sugandilla babestutako biotopoan sartu zenetik ondorio ugari sorrarazi ditu. Bere sorterrian bizitzeko zailtasunak ditu, baina Gaztelugatxeko espeziengan eragina izan du, batez ere, sugandila harkaitz-zozoarengan, Gaztelugatxetik kanpo bota duena. Hau horrela, Gaztelugatxeko San Juanen burutuko den auzolanak gizarteari tokiko biodibertsitateak duen arazoaren berri ematea du helburu nagusia. Horrez gain, lan zientifiko sakona herritarrekin elkarbanatuko dutela azaldu dute.
Antolatzaileen esanetan, auzolan hau, salbuespen bat da. Horregatik, espeziea adituek soilik harrapatu ahal izango dute, hainbat teknika erabiliz. Era berean, Pitisusas-eko sugandila kontrolatzeko eta desagerrarazteko dauden zailtasunak azalduko dituzte Aranzadiko zientzialariek, eta azaldu dutenez, baliteke Gaztelugatxekoak diren baina hortik kanpo dauden sugandilak ere ikusi ahal izatea.
Edonork parte hartu ahal izango du Gaztelugatxeko auzolanean. Goizeko 10:00etan jarri dute hitzordua Eneperi jatetxeko aparkalekuan eta bertaratzen direnei arropa eta labaintzen ez duten oinetako erosoak, aldatzeko arropa eta ura eroatea gomendatzen die antolatzaileek. Halaber, gehienezko parte hartzaile kopurua 30 pertsonakoa izango da, eta ezinbestekoa da izen ematea materiala, garraioa eta derrigorrezko asegurua antolatzeko.
Interesa duenak, hortaz, barikura arte [ekainak 2] du izena emateko aukera. 943 46 61 42 telefonoan edo idazkaritza@aranzadi.eus helbide elektronikoan eman daiteke izena.