Arrain Azokako egunetan herriko zenbait gunetan egon den zikinkeriari buruz hainbat herritarrek agertutako kezken berri eman zuen Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) atzoko osoko bilkuran.
Diotenez, azokako gunea «gogotik» garbitu arren, beste zenbait gunetan (Burujabetasun zelaian, Artikan eta Erriberan, esaterako) «hainbat zabor» egon ziren. Hala, gunerik jendetsuenak garbitzeaz gain, egun berezietan gainontzeko kaleetan ere «ahalegin berezia» egin beharko litzatekeela adierazi zuten astelehenean jeltzaleek.
Horrez gain, egun jendetsuenetan «aurretiazko neurriak hartzea» ere proposatu dute. «Zapatu arratsaldean, esate baterako, portuko gunea plastikozko edalontziz beteta geratu zen. Horri aurre egiteko, horrelako egunetan taberna guneetan edukiontzi bereziak jartzea ondo legoke», esan zuten.
Garbiketak «oso ondo». Udaleko zerbitzuetako zinegotzi Benito Ibarrolaza «harrituta» geratu zen kritikekin. «Domekan, 07:00etan hasita, ni neu eta garbitasuneko arduraduna ibili ginen garbiketa lanak gainbegiratzen. Portuan eta Lameran hasi ziren lanean, eta gerora, beste guneetara zabaltzen joan ziren garbiketa lanak».
Egun berezietan, gainera, ureztatzeko kamioi bi erabiltzen dituztela gogorarazi, eta herriko guneak «oso garbi» geratu zirela azaldu du. «Bi argazki erakutsi dizkigute. Erriberakoa zen bat, antza denez, domekakoa, 13:00ak ingurukoa. Beharbada, guk garbitu ostean norbaitek utziko zuen zaborra. Guk gunea erabat garbi utzi genuen», azaldu du.
Garbiketa lanak Almika eta Talara ere iritsi ziren, zenbait gune aipatzekotan; «herri guztitik ibili ginen eta». Leku guztietan, hala eta guztiz ere, ezin direla goizeko lehen orduan ibili azaldu du.
Ostalariekin ere egon zela esan du Ibarrolazak: «Pozik zeuden, oso ondo altxatu genuelako guztia». Horregatik, ez dute ulertzen jeltzaleek diotena. «Edozein hobekuntza jasotzeko prest gaude, plangintza irekia daukagulako. Dena hobetu ahal da, baina garbiketa ondo egin zen».