Maria Zorrozak eta Imanol Goñik Zegama Aizkorrin lehiatutako kilometro bertikalean podiuma egin zuten barikuan. Nork bere kategorian, Arrolapekoek hirugarren postua eskuratu zuten. Barikuko lasterketa 0.37.18ko denboran bukatu zuen Goñik, eta 0.44.55ko marka egin zuen Zorrozak. Kilometro bertikalean, nesken artean Laura Orgue izan zen lehena, eta Maite Maiorak egin zuen bigarren. Gizonezkoen kategorian, bigarren postuan Jan Margarit sailkatu zen, eta lehenengo Stian Angermund norvegiarrak egin zuen.
Arrolapeko Jokin Zabalak, Ibon Bilbaok, Arkaitz Ibarretxek eta Jon Meabebasterretxeak ere kilometro bertikala lehiatu zuten barikuan.
Goñi eta Zorroza, barikuko sari banaketaren ostean (Arrolape M.K.)
Domekan, Angermund norvegiarra izan zen domekan ere Zegama Aizkorri lasterketa irabazi zuena. Nesken artean, Maite Maiorak egin zuen legenengo. Biek ala biek, lasterketa horretako markarik onenak hautsi zituzten domekan; Angermundek (3.45.08) hiru minutu eta hogeita hamar segundutan hobetu zuen Kilian Jornetek lehenagotik zehaztuta zuen marka. Maiorak, berriz, 4.34.26ko denboran egin zuen lasterketa, emakumezkoen artean orain arteko denborarik onena eginez.
Maria Zorroza, domekako lasterketan
Igor Urionabarrenetxea, lasterketan
Arrolapeko korrikalariak ere izan ziren domekan Zegama-Aizkorri mendi lasterketan. Maria Zorrozak bederatzigarren egin zuen emakumezkoen kategorian. Sailkapen orokorrean 138. postuan helmugaratu zen, 4.54.59ko denbora egin ostean. Igor Urionabarrenetxeak, berriz, 165. postua lortu zuen sailkapen orokorrean, eta senior beteranoen artean 119. helmugaratu zen. Aulestikoak 5.02.32eko denbora egin zuen lasterketan. Joanes Goitisolo gernikarrak ere lasterketa hasi zuen, baina erorikoa izan zuen ibilbidean, eta lasterketa utzi behar izan zuen.