Orioren atzetik, Bermeo bigarren sailkatu da Ondarroako VI. Antiguako Ama Estropadan
Mutiletan Orio Arraunketa Elkarteak eta emakumezkoetan San Juan Koxtapek irabazi zuten zapatuan, Ondarroako VI. Antiguako Ama bandera.
Jon Salsamendik zuzendutako mutilek 19 minutu eta 43 segundo behar izan zituzten estropada burutzeko, eta bermeotarrek oriotarrengandik 6 segundo pasatxora amaitu zuten proba.
24 traineruk parte hartu zuten, eta taldeei denboraldia prestatzen jarraitzeko balio izan zien. Neskek bi luze eta ziaboga bat egin behar izan zituzten, eta mutilek, berriz, lau luze eta hiru ziaboga.
Nesketan, San Juaneko Batelerak izan ziren nagusi, 10 minutu eta 44 segundoko denboragaz. 27 segundo gehiago behar izan zituen Arraun Lagunakek, eta 36 gehiago Deustuk.
Nesken txandaren amaieran eta estropada bukatu ostean, Eneritz Basurko Ondarroako Udaleko ziengotziak eman zizkien banderak San Juan eta Orioko patroiei, uretan bertan. Ikusle asko bildu zen Ondarroako kai muturrean, eta arratsalde osoan ez zen girorik falta izan.