Ereñoko Gerandape Kirol Klubak antolatuta, zapatuan 11:00etan zabalduko dute azoka. Bisitariek Busturialdeko lau upategiren txakolina dastatzeko aukera izango dute, 12:00etatik aurrera
Baserritarren Eguna ospatuko dute Ereñon, zapatuan. 11:00etatik hasita, herriko ekoizle eta baserritarren produktuek, abereek, artisauek eta bestek hartuko dute herriko plaza. Produktuen salmenta eta erakusketaz gain, txakolina dastatzeko aukera ere egongo da Ereñon. Busturialdeko lau upategiren ardoak izango dituzte aukeran: Gautegiz Arteagako
Egala, Arratzuko
Mintzisko, Kortezubiko
Omabeiti eta Morgako
Bitxia.
Beste hainbat jarduera izango dira herrigunean. Ereño eta Nabarnizeko umeak batzen dituen Kabelinatxe dantza taldeak saioa eskainiko du; ardiak traskilatzen duen abilezia erakutsiko du Portu abeltzainak, eta Ein Go arduratuko da jendea kantuan eta dantzan jartzeagaz. Horrez gain, herriko andreek egindako taloak jateko aukera ere egongo da.
Euro batean, errifak ere ipiniko dituzte salgai. Zozketan, hiru sari emango dituzte: Irazabal burdindegiko gurdia baserriko produktuekin eta bi sorta baserriko produktuekin.