Gure Esku Dagok Bilboko Euskadi Plaza eta Plaza Eliptikoa galdera marka batekin elkartu gura ditu ekainaren 10ean. Horretarako, herritarren parte hartzea ezinbestekoa da, eta helburu horrekin lanean ari dira Busturialdeko herrietan ere.
Mendatarrek eta morgarrek, esaterako, osatu dute beren galdera ikurra, beren herrikideei ekainaren 10ean Bilbora joateko deia eginez. Asteburu honetan, berriz, Muxikan eta Arratzun egingo dute.
Muxikan domekan osotuko dute galdera ikur erraldoiaren mosaikoa. Horretarako, herritarrak 13.00etan bilduko dira Zubieta Errotan. Arratzuarrek eta foruarrek ere domekan aterako dute galdera ikur erraldoiaren argazkia. Foruan, 13:30ean egin dute hitzordua, dantzarien plazan. Arratzuarrak, bestalde, 18:00etan batuko dira, Arratzuko Artzubi zubian.
Gernika-Lumon, berriz, ekainaren 10erako konpromiso bonoak eta globoak ipiniko dituzte salgai asteburu honetan. Arrieneko eskaileretan egongo dira barikuan, 19:00etatik 21:00etara; zapatuan, 12:00etatik 15:00etara eta domekan, 12:00etatik 15:00etara.