Elena Unzueta Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuak jakinarazi zuen atzo,
180.000 euroan esleitu dutela Gaztelugatxeko San Juanen Jarduketa eta Kudeaketa Plan Integrala. Azaldu duenez, aurreikuspenen arabera,
sei hilabete beharko dira plana garatzeko.
Gaztelugatxeko San Juan
Agiriaren helburua,
Gaztelugatxeko biotopoa dinamizatzeko, berrantolatzeko eta garatzeko tresna izatea da, inguru horretako turismo erabilera iraunkorra lortu aldera. Bestalde, Unzuetak adierazi duenez, agiriak helburu nagusia lortzeko eskuratu beharreko bost helburu partzial jasotzen ditu.
- Eremuaren gaur egungo egoera adierazten duen diagnostikoa osatzea. Lekuaren eta inguruaren egoerari eta turismo eskariari lotutako alderdi nagusiak jasoko dira. Bestalde, egun dauden garraio azpiegiturak eta irtenbideak zeintzuk diren eta zer legezko egoeratan dauden ikertuko daute, bai eta eremuaren ingurumena aztertu ere.
- Biotopoko proiektu integrala definitze aldera, helmuga turistiko iraunkor modura kokatu beharra nabarmentzea, eta inguruan egin beharreko proiektuak eta jarduketak zehaztea.
- Lurraldea antolatzeko eta garatzeko tresna bat ezartzea.
- Gaztelugatxeko San Juan garatze aldera, parte hartze prozesu bat abiaraztea eta eragile nagusiak tartean sartzea, proiektu partekatua izan dadin.
- Aurreikusitako jarduketa bakoitza teknikoki eta ekonomikoki bideragarria den aztertzea, eta, horren arabera, biotopoan dauden zerbitzuak eta azpiegiturak hobetzeko proposamen zehatza egitea.
Helburu horiek guztiak kontuan hartuta,
hainbat fasetan egiteko metodologia ezarri dute.