Beste urte batez, Eskolarteko Antzerki Astea hartuko du Gernika-Lumoko Lizeo Antzokiak. Gaur hasi eta barikura bitartean, herriko sei ikastetxetako ikasleen agertoki bilakatuko da Lizeo Antzokia. Hala, eskolan landutako antzezlanak erakusteko erakusleiho bikaina izango da datozen hiru egunetan Gernika-Lumoko txoko hori.
Guztira, sei antzeztalde igoko dira taulagainera; alegia, 160 bat ikasle. Horien lanaz gozatzera joango direnak, aldiz, gehiago izango dira: 1.600 bat ikusle aurreikusten dituzte.
Antzerki Astea egiten duten 29. urtea da aurtengoa, eta urte horietan guztietan egindako lana azpimarratu nahi izan dute Gernika-Lumoko Hezkuntza Arloak eta Euskara Zerbitzuak: «Gernika-Lumoko irakaskuntza zentro guztietako begirale eta irakasleen lan handia dago atzean».
Hala, gogoratu dutenez, urteroko jarduera hori Udal Eskola Kontseiluan ikasturterako finkatzen den eskolaz-kanpoko ekintzen barruan gauzatzen da, «umeak gizarteratzeko bidea jorratzea helburu» duena. Halaber, Gernika-Lumoko Euskararen Normalizaziorako Plan Estrategikoaren barruan ere badago;?izan ere, «euskararen erabilera areagotu eta ahozkotasuna landu» nahi dituzte.
Gaur, bihar eta etzi, beraz, saio bana egingo du udalerriko eskola bakoitzak;?batzuk 11:00etan, eta gainontzekoek 15:00etan. Gaur, esaterako, Gernikako Institutuko eta Mertzede ikastetxeko ikasleen txanda izango da.
Antzerkiak goizean eta arratsaldean izango dituzte ikasleek ikasleentzat, baina iluntzean, emanaldiak errepikatuko dituzte, guraso eta familiakoei saioetara joan daitezen.