185 ikaslek parte hartuko dute Bermeoko bigarren bertso topaketan
Herriko ikastetxeetako 185 ikaslek parte hartuko dute Bermeoko bigarren bertso topaketan. Bihar egingo dituzte, Kafe Antzokian, 17:30etik aurrera.
Gu ere bertsotan proiektuaren baitan, Bizkaiko Bertsozale elkartearen eskutik, 2016/17 ikasturtean San Frantzisko Herri ikastetxeko, Bermeoko institutuko, Eleizalde ikastolako eta Sagrado Corazon ikastetxeko lehen hezkuntzako seigarren mailako 185 ikaslek bertsolaritza landu dute ikasgeletan eta ikasturte amaierako jaialdi honetan urtean zehar ikasitakoa kalera atera eta jendeaurrean erakutsiko dute ikasturteari amaiera emateko.
Bertso topaketa lau zatitan banatuko dute: bertsolaritza ikasleen parte hartze zuzena, bertso saioa, kantaldia eta bertso paper lehiaketaren sari banaketa. Ander Elortegi eta Jone Larrinaga bertsolaritza irakasleek aurkeztuko dute saioa, eta Nagore Beitia eta Iker bertsolari bermeotarrek parte hartuko dute.
Juan Karlos Agirre Gazteria Saileko Bermeoko zinegotziak nabarmendu duenez, giro oso polita sortuko da Bermeoko ikastetxe eta bat bateko talde guztiek eskainiko duten bertso topaketan.
Laugarren urtez jarraian burutu da Gu ere bertsotan egitasmoa Bermeoko ikastetxeetan. Bermeoko Udaleko Gazteria Sailak sustatutako egitasmoa da eta bertsozaletasuna sustatzea du helburu. Ahozkotasunetik abiatuz, hizkuntza, kultura, musika eta trebetasun pertsonalak landu dituzte ikasleek Gu ere Bertsotan proiektuaren bitartez. Modu horretan, astero edo hamabostero, ordu batez, bertsolaritzaren oinarrizko ezagutza jaso dute ikasleek, urtean zehar egin diren jaialdietarako bertsoak prestatu eta jendaurrean zelan egon eta zelan jokatu landu dute bertsolaritza klaseetan.