Gu be zuek gara lemapean
maratoi solidarioa egingo dute domekan, Gernika-Lumon. Gernika Atletismo Taldearen eta Ospitaleko Lagunartea guraso elkartearen eskutik, jai giroan burutuko da
umeen minbiziaren ikerketan laguntzeko ekimena. Izan ere, egun osoko egitaraua prestatu dute.
Ekimenaren antolatzaileek maiatzaren 4an aurkeztu zuten maratoi solidarioa.
Elkartasun maratoiaren helburu nagusia Biocruces osasun ikerketa institutuaren garapena laguntzea izango da. Zehatz esateko, Linfoma Linfoblastiko T-aren ikerketa genetikora bideratuko dute domekan zein orain arte bildutako dirua. 30.000 euro biltzea da erronka.
Izan ere, azken hilabeteetan ekimenaren kamisetak saldu dituzte, 5 eurotan. Erantzuna “izugarria” izan dela nabarmendu dute Gernika Atletismo Taldeko kideek,
8.000 kamiseta inguru saltzea lortu baitute.
Babes zabala
Gu be zuek gara maratoi solidarioak babes zabala lortu du azken asteetan. Gernikar zein herritik kanpoko kirolariek, elkarteek, ikastetxeek eta beste ehunka norbanakok bat egin dute olatu horiagaz, haien babesa erakutsiz.
Sare sozialetan, esaterako,
oihartzun itzela eduki du, eta askok eta askok bideoak zein talde argazkiak zabaldu dituzte elkartasun keinu modura.
“Batik bat azken aste eta egunotan jende asko mugitu da, eta leku guztietatik partekatu dituzte argazkiak. Izandako erantzunagaz oso pozik gaude, eta domekan Pasealekua jendez betetzea espero dugu”, azaldu dute Gernika Atletismo Taldeko kideek.
Horrenbestez, domekan Pasealekua horiz janztea da antolatzaileen asmoa. 10:00ak aldera hasita, 18:00etara elkartasuna eta jai giroa uztartuko dituzte herritarrek.
EGITARAUA:
- 09:30. Diana Segundo Olaetaren eskutik.
- 10:15. Aurreskua Iñaki Olanoren eskutik. Jardunaldiari hasiera emateko, haur onkologikoek zinta moztuko dute. Txosna eta tonbolaren irekiera, eta Aittitta Makurra Txaranga.
- 10:30. Adinekoen lasterketa.
- 11:15. Haurren lasterketa.
- 11:45. Animatzeko marrazki eta esaldien tailerra. Herritarrek eta ikastetxe guztietako umeek parte hartuko dute.
- 12:00. Txiki Parkean: haurrentzako jolasak, aurpegia margotzeko tailerra, puzgarriak, 3 xulo. Kamiseta horia duten denek sarrera doan edukiko dute.
- 12.00. Bertsolariak: Amets Arzallus eta Julio?Soto.
- 12:45. Gorputzak astintzeko kontzertuak: Segundo Olaeta Musika eskola, The Uski’s eta Oxabi Erromeria.
- 18:00. Jardunaldiaren amaiera.
IBILBIDEAK:
- Nagusien lasterketa (5 km). Pasealekua-Juan Kaltzada kalea-Saraspe-Juntetxea-Zearreta kalea-Fray Martin de Murua kalea-Iturriondo plaza-Nafarroa Behera kalea-Nafarroa kalea-Mestikabaso kalea-bide gorria-Industria kalea-Pasealekua.
- Umeen lasterketa (500 m). Pasealekua-Juan Kaltzada kalea-Alhondiga kalea-Industria kalea-Pasealekua.