Casino jatetxeak irabazi du Arrain Azokako XV. Pintxo Lehiaketa
Zapatuan batu zen epaimahaia, eta lehiaketa antolatzen duen Eleizalde Ikastolatik azaldu dutenez, lehenengo hiruzpalauen artean “parekotasun handia” egon da oraingoan. “Hartutako erabakian denak ados egon ziren, baina haien arteko diferentziak oso txikiak izan ziren”.
Casino Jatetxearen pintxoak saku atuna, espagetia eta wakame algak nahasten ditu, taloz inguratuta, eta algaz egindako ali-oliarekin. “Oso kuriosoa, gauza berri bat da ohituta gaudenerako, ahorakozerbait berria da”.
Kafe Loidxie tabernako berdela, bieira eta langostinoa batzen dituen pintxoa sailkatu da bigarren, Freskurie izenekoa. “Atentzioa eman zigun, epaimahaiak probatzerakoan ez duelako izena jakiten, baina denek aipatu zuten freskoa dela eta, justu, izen hori dauka”.
Izaro tabernak aurkeztutako atunaren tartar-ak hartuko du hirugarren saria. “Oso biguna, puntua oso ondo hartuta eta oso ondo kokatuta zegoen”.
21 pintxo aurkeztu dituzte aurten, eta orokorrean, denak kalitate handikoak izan direla zehaztu dute. Aste Santuko oporralditik maiatzaren 14ra, jai egun eta asteburuetan dastatzeko eta puntuazio emateko aukera izan du jendeak, eta bihar eguerdian argituko da zein den pintxo bozkatuena.