Greba egin dute unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan
Hezkuntza publikoko irakasle, heziketa bereziko langile, sukaldari eta garbitzaile eta haur eskoletako hezitzaile eta langileek egin dute greba, gehiengo sindikalak deitutaUnibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko irakasle, heziketa bereziko langile, ...
Hezkuntza publikoko irakasle, heziketa bereziko langile, sukaldari eta garbitzaile eta haur eskoletako hezitzaile eta langileek egin dute greba, gehiengo sindikalak deituta
Unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko irakasle, heziketa bereziko langile, sukaldari eta garbitzaile eta haur eskoletako hezitzaile eta langileek greba egin zuten martitzenean, gehiengo sindikalak deituta. ELA, LAB, Steilas eta CCOO sindikatuek deituta, bigarren greba eguna egin zuten herenegun, martxoaren 22koaren ostean.Sindikatuen arabera, grebak %80ko jarraipena izan zuen, eta Eusko Jaurlaritzak esandakoaren arabera, berriz, %45ekoa. Martitzeneko greba egiteko, hainbat arrazoi zituztela salatu zuten hezkuntza publikoko langileek: hezkuntza sisteman inbertitzen dena Europako bataz bestekotik oso urrun egotea, langileen behin-behinekotasunaren bataz bestekoa %40koa izatea, geletan dauden ikasle kopurua handiegia izatea dituzten beharrei modu egokian erantzun ahal izateko, arrazoiren batengatik lanera joan ezin den irakasle bat baldin badago beraiek ordezkatuko dituen pertsona seigarren eguna iritsi arte ez bertaratzea, gaixorik daudenean hileko soldataren %75 soilik jasotzea lehen hiru egunetan eta euren soldatek azken bost urteetan bataz beste 400 euroko jaitsiera izatea.
Bigarren Hezkuntzako langileen esanetan, herenegungoa protestatzeko eguna zela erabaki zuten, «etorkizuna eraikitzeko zutabe nagusia den hezkuntza sisteman ezinbestekoak diren hobekuntzak aldarrikatzeko eguna» zela argudiatuta. Hezkuntzan gertatzen ari denaren adibiderik argiena irakasle bat gaixorik jartzen denean administrazioak ezartzen duen «zigor bikoitza» dela adierazi zuten irakasleek: «Alde batetik, soldatatik kentzen digute dirua, eta beste aldetik ez dute irakasle ordezkorik bidaltzen ikastetxera seigarren eguna iritsi arte. Hori zigorra bi bider ezartzea da, eta zigor hori irakasleek ez ezik, ikasleek ere pairatzen dute». Irakasle hutsune hori gainontzeko irakasleek bete behar izaten dutela salatu zuten, eta oso gutxitan izaten direla hutsunea betetzera doazen irakasle horiek ikasleek duten irakasgaian adituak.
Beste deialdi bat
Datorren martitzenerako beste greba bat deitu dute sindikatu gehienek, (CCOOk ez du greba horretarako deirik egin momentuz) eta oraindik ere denbora dagoen arren, unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko langileek urrun ikusten dute nego- ziazio mahaian jarri ere egitea. Sindikatuen esanetan, ezingo da hezkuntza publikoaren kalitatea berreskuratu krisiaren aurreko lan baldintzak berreskuratu arte. Sindikatuek gogorarazi zuten gai horiek eraman zituztela mahai sektorialera, baina Hezkuntza Sailak ez duela negoziatzeko asmorik agertu. Kontrakoa adierazi zuen Josu Erkoreka Jaurlaritzaren bozeramaileak: negoziatzeko «interes falta» erakutsi dutela sindikatuek. «Eskatzen dutena ez dago Eusko Jaurlaritzaren esku», adierazi zuen, eta gaineratu zuen sindikatuen argudioek ez dutela grebarako deialdia justifikatzen.
Greba japoniarra
Ondarroako Institutuan greba egiteko beste modu bat planteatu zuten herenegun. Klaustroaren %80ak bat egin zuen grebagaz, baina ikasleak ahalik-eta gutxien kaltetzeko asmoz portzentaje horretatik lau irakaslek izan ezik, greba japoniarra bezala ezagutzen dena egin zuten. Horregatik, irakasleek euren ohiko jardunaldia egin zuten institutuan, baina argi utziz beraiek ere bat egiten zutela aldarrikapenekin.
Ohiko greba eginez gero Hezkuntza Sailak soldataren zati bat kenduko liekela ikusita, nahiago izan zuten lanera joan eta administrazio publikoak kenduko lieken kantitate horren zati bat institutuan eratzen ari diren poltsa sozialean sartu. Horrela, datorren ikasturtetik aurrera institutuko erabiltzaileek izan ditzaketen beharrak asetzeko erabiliko dute diru hori. Beraien esanetan, «nahiago ikasleen beharretarako eman dirua administrazioak kendu eta diru hori hor zehar galtzen uztea baino».
Ondarroan, hezkuntzan jasandako murrizketak salatzen zituzten pankartak bota zituzten institutuaren azken solairuko leihoetatik. «Hezkuntza eraiki ahal izateko, gizartea modu justu eta solidarioan eraikitzeko, baldintza guztiak hobetu» behar direla aldarrikatuz amaitu zuten euren agerraldia Ondarroan.
Lekeition, bestalde, greba deialdiagaz bat eginda, udaletxe aurrean bildu ziren irakaskuntza publikoko langileak eta familiak, Irakaskuntza publikoaren alde: murrizketarik ez! lelopean. Ordu erdiko elkarretaratzean bildu ziren, giro onean.