Gernika BHIko ikasleak II. Kristalizazio lehiaketan saritu dituzte
Urruzunotarrak gehituz literatur lehiaketan ez ezik, Euskal Herriko Eskola mailako II. Kristalizazio lehiaketan ere saritu dituzte Gernika BHIko ikasleak. Hain zuzen, bigarren sariagaz eta herri bozketako sariagaz bueltatu dira etxera Gernika-Lumoko in...
EHUko Minerologia eta Petrologia saileko ImaCris/MaKrisl ikertaldeak antolatutako lehiaketa horren bigarren aldia izan da aurtengoa, eta, guztira, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 32 ikastetxek parte hartu dute bertan.
Batxilergoko ikasleak izan dira Gernika BHItik parte hartu eta sariagaz etxera bueltatu direnak. Kristalen Parkea da, hain zuzen ere, aipatu bi sariak eskuratu dituena.
Institutuko ordezkariek azaldu dutenez, Kultura Zientifiko ikasgaian burutu duten proiektua da hori, eta «laborategian lortutako kristalekin eta teknologia eta bolumen tailerretan eraikitako zaldiko-maldikoagaz, noriagaz eta sumendiagaz egindako maketa bat da».
Maketagaz batera, lanaren helburuak, erabilitako materialak, jarraitutako prozedura eta lortutako emaitzak eta ondorioak azaltzeko formatu zientifikoko posterra ere aurkeztu behar izan dute ikasleek.
Tresna bikaina
Horregaz guztiagaz, «emaitza bikaina» lortu zuten gernikarrek, «bai alde teknologikoari dagokionez, eta baita ere artistikoari dagokionez». Halaber, lehiaketaren azkenengo fasean proiektuaren defentsa «ezinhobea» egin zuten.
Institutuak gogoratu nahi izan du lehiaketa hori ikasleen artean jakin-mina garatzeko, elkarlana bultzatzeko eta kristal eder batzuk haziz, metodo zientifikoa ulertzeko tresna bikaina dela.