Zubizarretak eta Garmendiak irabazi dute pilota txapelketa
Zubizarreta eta Garmendia nagusitu dira Ajangizko V. Esku Pilota Txapelketan. Domeka eguerdiko lehen mailako afizionatuen finalean erraz irabazi zieten Espinali eta Uriondori.Antolatzaileek zein pilotazaleek final lehiatuagoa espero zuten arren, 22-11 ...
Antolatzaileek zein pilotazaleek final lehiatuagoa espero zuten arren, 22-11 amaitu zen partida. «Garmendiak izugarrizko partida egin zuen, eta Zubizarreta ere bikain aritu zen, errematerako dituen dohainak erakutsiz», azaldu dute.
Partida amaituta, Zubizarretak jaso zuen finaleko pilotari onenaren saria.
Antolatzaileek azaldu dutenez, giro «paregabea» eduki zuten Ajangizko frontoian, eta jende asko batu zela bertan nabarmendu dute: «Jai giro polita izan genuen, eta egunpasa ederra egin genuen».
«Frontoian bildutako pilotazaleek partida politak ikusteko aukera eduki zuten». Goikoetxea-Bengoetxea eta Bengoetxea-Urzelai I bikoteek jokatu zuten goizeko lehen finala (umetxoen mailakoa), eta azken horiek 18-17 nagusitu ziren. Jaritz Bengoetxeari eman zioten pilotari onenaren saria.
Ondoren, kimuen kategoriako finalean, Ekainek eta Mikelek 18-9 hartu zituzten mendean Urtzi eta Rocha. Ekain izan zen finaleko pilotari onena.
Beste alde batetik, final «lehiakorra eta polita» izan zuten umeen mailan. Etxezarragak eta Jaiok 18-17 irabazi zieten Enbeitari eta Bernaolari. Jaiok jaso zuen pilotari onenaren saria maila horretan.
Lehen mailako afizionatuen, umetxoen, kimuen eta umeen finalak jokatzeagaz batera, Alexis Apraiz pilotari profesional ohia omendu zuten, eta hura aritu zen sariak banatzen. «Bere ibilbidea aitortu gura izan diogu, eta omenaldi xumea eta hunkigarria izan zen. Gernikan jaio arren, guk ajangiztartzat daukagu, bere aita Ajangizkoa delako».
Antolatzaileek txapelketako txapela jantzi, eta zenbait oparitxo eman zizkioten oroigarri modura.
Beste alde batetik, pilotari onenak «herriko produktuekin» saritu zituztela azaldu dute. Hain zuzen, pilota bana eta indaba kilo bana jaso zituzten final bakoitzeko sarituek.