Solluben hildakoak izan dituzte gogoan Mañun
Sollube 1937 elkarteak antolatuta, orain dela 80 urte Sollubeko Batailan hildakoak omentzeko ekitaldia egin zuten domekan. Mañura mendi martxa ere egin zuten, batailak izan ziren lekuetan geldialdiak eginez.Sollubeko Batailaren 80. urteurrenean, guda ...
Sollube 1937 elkarteak antolatuta, orain dela 80 urte Sollubeko Batailan hildakoak omentzeko ekitaldia egin zuten domekan. Mañura mendi martxa ere egin zuten, batailak izan ziren lekuetan geldialdiak eginez.
Sollubeko Batailaren 80. urteurrenean, guda hartan hildako gudariak eta faxismoaren aurka bizitza eman zuten gudari eta milizianoak omendu gura izan ditu Sollube 1937 elkarteak. Horretarako, ekitaldia antolatu zuten domekan Mañun, eta asko izan ziren Bermeoko auzora bertaratu zirenak. Mendi martxan ere joan ziren horietako batzuk, eta batailak izan ziren tokietan geldialdiak egin zituzten.Txalapartarekin hasi zuten ekitaldia. Ondoren, Sollube 1937 elkarteko kide Andoni Santiagok eskerrak eman zizkien bertaratutakoei. Memoriatik gauza asko lor daitezkeela esan zuen, hartara, seme-alabei edo lobei «bai gudari moduan bizitakoa zein ume moduan bizitakoa» kontatutako guztien lana eskertu zuen.
Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek ere parte hartu zuen ekitaldian. Bidegurenek garai hartako Bermeoren egoera ekarri zuen gogora: «Gudarien kuartelak egon ziren, biztanleen zati handi bat Gipuzkoako errefuxiatuak ziren, umeen hustualdiak Bermeotik egiten ziren Frantzira. Gudariak euren herriaren askatasunaren alde frankisten aurrean borroka egiteko prestatu behar ziren, nahiz eta baliabiderik ez eduki. Frankismoak modu bortitzean aldatu zuen herritarren bizitzak».
Borrokak «jarraitu»
Ahaztuakeko ordezkari Txema Uriartek, berriz, guda galduta ere, borroka ez zela gelditu adierazi zuen. «Antolatzen joan ziren, eta ikusten dugunez, borroka ez da gelditu, eta orain, beste borroka batean ari gara, memoria kontatuz. Ez dezagun gure memoria ahaztu» esan zuen Uriartek.
Frankismoaren Krimenen Aurkako Elkarteko Juan Mari Zulaikak, bestalde, eskerrak eman zizkion Bermeoko Udalari, «herriko biktimen alde bere kereila aurkezteko asmoa agertu dutelako». Gerra galdu bazuten ere, gauzak oraindik ez direla amaitu esan zuen Zulaikak, «irabazteko asko daukagu, batez ere, memoria eta gure hildakoen duintasuna».
Askapenako kide Manex Duok, bere aldetik, Sollubeko Batailan euskaldunez gain, Asturias zein Kantabriatik etorritako internazionalistak ere egon zirela gogorarazi gura izan zuen domekako ekitaldian. Horregatik, internazionalista horiek omentzeko eguna ere bazela nabarmendu zuen.
Ekitaldiak, hala ere, askotarako eman zuen. Bertsoak bota zituzten eta Alkartasuna Dantza Taldekoen dantza emanaldia ere egon zen. Amaitzeko, bertaratutakoek, mokadutxoa jateko aukera eduki zuten, bai eta familia argazkia ateratzeko ere.