Urruzunotarrak gehituz literatur lehiaketan ez ezik, Euskal Herriko Eskola mailako II. Kristalizazio lehiaketan ere saritu dituzte Gernika BHIko ikasleak. Hain zuzen, bigarren sariagaz eta herri bozketako sariagaz bueltatu dira etxera Gernika-Lumoko institutukoak.
EHUko Minerologia eta Petrologia saileko ImaCris/MaKrisl ikertaldeak antolatutako lehiaketa horren bigarren edizioa izan da aurtengoa, eta, guztira, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 32 ikastetxek parte hartu dute bertan.
Batxilergoko ikasleak izan dira Gernika BHItik parte hartu eta sariagaz etxera bueltatu direnak. Kristalen Parkea da, hain zuzen ere, aipatu bi sariak eskuratu dituena.
Institutuak azaldu duenez, Kultura Zientifiko ikasgaian burutu duten proiektua da hori, eta «laborategian lortutako kristalekin eta teknologia eta bolumen tailerretan eraikitako zaldiko-maldikoarekin, noriarekin eta sumendiarekin egindako maketa bat da».
Maketagaz batera, lanaren helburuak, erabilitako materialak, jarraitutako prozedura eta lortutako emaitzak eta ondorioak azaltzeko formatu zientifikoko posterra ere aurkeztu behar izan dute lehiaketara ikasleek.
Horregaz guztiagaz, «emaitza bikaina» lortu zuten gernikarrek, «bai alde teknologikoari dagokionez, eta baita artistikoari dagokionez ere». Halaber, lehiaketaren azken fasean proiektuaren defentsa «ezinhobea» egin zuten.
Institutuak gogoratu nahi izan du, «lehiaketa hori ikasleen artean jakinmina garatzeko, elkarlana buktzatzeko eta kristal eder batzuk haziz, metodo zientifikoa ulertzeko tresna bikaina» dela.