Jaietan, jan-edanarekin, musikarekin, dantzekin eta bestelako jarduerekin ere, osagarria izaten da kirola; Ajangizen, behintzat, azken hamar urteetan horretarako aukera izan da. Aurten, hamargarren urtez, Mugari Bira mendi martxa antolatu dute.
Hain zuzen, domekarako egiten diote herritarrei Ajangizeri buelta emateko gonbitea. Parte hartzea erabakitzen dutenek distantzia luzearen zein laburraren artean aukeratu ahalko dute, eta, nork bere erritmo eta pausoan, Ajangizko mugetatik egingo dute ibilaldia.
20 kilometroko ibilbide luzea egitea erabakitzen dutenak 08:30ean elkartuko dira Ajangizko udaletxearen aurrean, eta leku berean batuko dira ibilbide laburrekoak ordubete beranduago. Batekoak zein bestekoak martxa egunean eman beharko dute izena, 08:00etatik 09:30era, 6 euro ordainduta.
Antolatzaileek jakitera eman duetenez, ibilbidean zehar anoa postu bi egongo dira, eta martxa amaitzerakoan, parte hartzaile guztiek hamaiketako «eder» batez gozatzeko aukera izango dute, nekeak arintzeko.
Gainera, parte hartzaileek martxa bukatuta opari bana jasoko dutela aurreratu dute antolatzaileek.
Iaz, 120 lagunetik gora
Iaz, esaterako, 120 herritar baino gehiagok parte hartu zuten ibilaldi luze eta laburrean. Eguraldiak askorik lagundu ez arren, giro ederrean burutu zituzten ibilbideak, eta partaideak oso gustura ibili ziren.