San Antonio enklabea dela eta Sukarrietako Udalak aurkeztutako errekurtsoa bideratzea onartu du Gorenak
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzietarako Salak, San Antonio enklablea dela eta Sukarrietako Udalak aurkeztutako kasazio errekurtsoa bideratzea onartu du. Aipatu kasazio errekurtsoa, sala berdinak orain dela gutxi emandako autoaren aurkakoa dela jakinarazi dute udaleko arduradunek.
Egoera horren aurrean, udaletik diotenez, “EAEko Auzitegi Gorenak autoa bertan behera uzteko erabakia har dezake, eta hori da aldundiaren azken proposamenaren oinarri bakarra”. Izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko Batzar Nagusiei aurkeztutako azken proposamenak Busturiri emango lioke San Antonio enklabe guztia.
Sukarrietako Udalaren arabera, “onartezina izango litzateke Batzar Nagusiek balioztatzeke edo baliogabetzeke dagoen proposamen bat bozkatzea”. Horregatik, Sukarrietako Udalak San Antonio enklabea desegiteko bozketa atzeratzea eskatu du beste behin ere.
Bestalde, bozkatzen baldin badute, “udalak ezagutzen ez dituen arrazoiengatik”, honako hauek kontuan har ditzatela eskatzen diote: “Irmoa ez den epai baten erabakia da aldundiaren proposamenaren oinarri bakarra, eta Gorenak baliogabetu egin dezake. Gainera, motibazioa irmoa ez denez, desadostasunak sor daitezke. Hala eta guztiz ere, Bizkaiko batzarkideek bozkatzeko askatasun osoa daukate, aldundiaren proposamenaren aurka bozkatzeko aukera era badaukate”.