Beste behin ere, Gernika BHIko ikasleek herrira ekarri dituzte
Urruzunotarrak gehituz literatur sariak.
Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako ikasleek parte hartzen dute euskaraz idazteko zaletasuna gazteen artean sustatzeko sortutako lehiaketa horretan. Prosa zein poesia idazten dute parte hartzaileek.
Urruzuno saria jaso duten Gernika BHIko ikasleak. Argazkia: Gernika BHI.
Hala, nork bere kategorian eta alorean parte hartuta, honakoak izan dira Gernika BHIko saridunak: A kategorian, poesian, Naia Gerekiz Uriarte (Gernika) eta prosan, Naia Ellis Luzarraga (Gernika); B kategorian, prosan, Lierni Gregorio Zabala (Gernika).
Aurten, guztira, 20 literatura lan saritu ditu Leire Bilbaok, Jasone Osorok, Gari Berasaluzek, Peru Iparragirrek eta Goiatz Labandibarrek osatutako epaimahaiak.
Irabazleek irailaren 4tik 8rako egonaldia Elgoibarko Aubixa aterpetxean jasoko dute sari legez. Jakitera eman dutenez, bertan, literatura tailerrak eta beste hainbat ekintza egiteko aprobetxatuko dute sarituek.
Horren aurretik, hala ere, sariak banatzeko ekitaldia egingo dute Eusko Jaurlaritzaren Lakua IIko eraikineko Euskaldun Berria aretoan.