Euskal giroan murgilduko da Morga zapatuan
Euskal Jaia egingo dute lehenengoz herrian. Morga dantzari-kantari taldearen iniziatibaz, festa giroan bilduko dira morgatarrak. Marijo Zorrozak azaldu duenez, zapatuetan dantzarako eta kanturako biltzen dira hogei bat lagun, eta ikasitakoa herritarrekin konpartitu gura dute. Hala, egun osorako jaia antolatu dute.
Antzinako euskal ezkontza antzeztuko dute goizean, eta eguneko ekitaldi nagusia Morgako frontoian egingo dute, 13:00ak aldera. Morgako dantza taldeak, Morgako dantzari-kantarik eta Bilboko Euskaria abesbatzak parte hartuko dute. Eguraldi ona eginez gero, kalera ere aterako dute festa giroa. Kantuan eta dantza potean emango dute bazkalaurreko tartea. Gainera, zapatuan herrigunea ibilgailuentzako itxita egongo dela jakinarazi dute.
Galdera ikurra. Ekitaldi nagusiaren ostean, Gure Esku Dagok ekainaren 10ean Bilborako egin duen deialdiagaz bat egin, eta globo gorriekin galdera ikurra irudikatuko dute Morgan ere.
Herri bazkaria Estarta tabernan egingo dute, eta txartela hartzeko azken eguna maiatzaren 18a izango da (eguena). Bazkarirako txartelak 15 eurotan erosi ahal dira. Bazkalostean, dantzarako aukera ere egongo da, erromerian.
Zapatuko Euskal Jaian parte hartzeko antzinako usadiora janzteko deia egin dute antolatzaileek.