Kalera Kalera dinamikako kide Xabier Gojenolaren (Lekeitio, 1978) eta Jone Amezagaren (Errigoiti, 1990) ustez, sozialki eraginda eta kalera irtenda bakarrik lortu ahalko dira kartzeletako giltzak.
Zer da Kalera Kalera dinamika, eta zein da bere helburua?
Xabier Gojenola: Azken urteetan presoen dinamikan galduta egon den eta berreskuratu nahi den espazio bat da. Dinamikak bat egiten du presoen izaera politikoagaz, beraien helburuekin. Azken finean, kalera ateratzeko eta presoen berehalako kaleratzea eskatzeko piztu nahi den dinamika da Kalera Kalera.
Noiz eta nola sortu zen?
Jone Amezaga:?Iazko apirilean preso eta iheslari ohi batzuk batu, eta Amnistiaren norabidean preso eta iheslariak etxera lelopean manifestazioa egin zuten Bilbon. Hortik aurrera, gai horri helduz, harremantzen hasi ziren herrialde eta herri ezberdinetako preso eta iheslari ohiak. Hala, abenduan, Usurbilen itxialdi masibo bat egin zuten, aurreko hileetako lanketa horren fruitua izan zena. Bertan, preso eta iheslari ohi askok parte hartu zuten, eragile ezberdinekin harremanak landuz. Abendura arte preso eta iheslari ohiek zeukaten lekukoa herritarrei pasatu zieten, azken finean, guztion ardura delako preso eta iheslariak etxeratzea.
Ardura horren aurrean, nolakoa da herritarren inplikazioa?
X.G.: Egia da azken urteetan Euskal Herriaren eszenatoki politikoa asko aldatu dela. Testuinguru horretan, bide eta eremu berriak zabaldu dira, eta, era berean, dinamika eta espazio batzuk galdu egin dira; esaterako, kale dinamika apur bat galtzen joan denaren sentsazioa eduki dugu. Azken urteetan presoen espazioa zabaldu egin da, eta hiru eszenatoki ditugula esan genezake: batetik, presoen giza eskubideen alorra; bestetik, gatazka konpontzeko presoek kalera atera behar direla ikusten dutenen espazioa; eta, azkenik, amnistiaren mugimenduak azken 40 urteetan bete izan duen espazioa (kale dinamika, mobilizazioak…). Azken hori egon da zertxobait galduta, eta Kalera Kalera hori berreskuratzera dator. Horretarako, hainbat ekimen egingo ditu datozen hilabeteotan.
Zein ekimen ditu aurreikusita Kalera Kalerak datozen hilabeteetarako?
J.A.: Gernika-Lumon hasita, eta Hatortxu Rocken amaituta, uztailean martxa bat egingo da Euskal Herrian zehar. Herri ezberdinetan, gainera, antolatuko dira tokian tokiko beste hainbat ekimen udaberri eta uda aldera.
X.G.: Kalera Kaleraren lehenengo ekimena Gernika-Lumon egin zen, Gernikako arbolari lore eskaintza eginda. Duela 80 urte herri hori zapaldu zuten, baina herri horretan lore bat dago, itxaropenaren lorea. Kalera Kalerak, aurten, Gernikako bonbardaketaren 80. urteurrena, maitzaren 8tik 14ra egingo den Amnistiaren Astea (40 urte betetzen dituena), espetxeetarako martxak, udan Hatortxu Rocken 20. urteurrenean bukatuko den Euskal Herriko martxa, dispertsioaren 30. urteurrena… lotuko ditu.
Ekimen horien bitartez gizartea aktibatzea bilatzen al du?
J.A.: Dinamikaren izena bera hortik dator: alegia, kalera atera behar da herria, eta presoak kalean gura ditugu. Eta nik uste dut zentzu horretan antolatu direla ekimen ezberdinak; bai hilaren 20an espetxeetara egingo diren martxak, bai udako martxa… Berriro ere kalea astintzeko dinamikak indartzea helburu dauka Kalera Kalerak; betiere, jendearen inplikazioa bilatuz.
X.G.: Nik uste dut Kalera Kalerak proposatzen duena dela bizi pozez eta kolore ezberdinetan kale dinamika bat sustatzea. Nik uste dut gaur egungo eszenatokian badagoela presoen dinamikara lotzeko erraztasun gehiago, eta baita jende gehiago. Kontua da lortu egin behar dela hori guztia bizipozez egitea, zabalik, jendeagaz konektatuta. Eta Kalera Kalera hori betetzera dator.
Zer egin beharko lukete Espainiako eta Frantziako gobernuek?
X.G.: Kartzeletako giltzak entregatu.
J.A.:?Gauza da, hein handi batean ikusten dugula ez dutela pausorik emango zentzu horretan. Gainera, beraiek iraganeko paradigmetan jarraitzen dute, eta guk argi daukagu ez garela euren zain geratuko. Argi daukagu, era berean, sozialki eragiteak beraiengan eragina izango duela, eta bide horretatik bakarrik lortuko ditugula giltz horiek. Estututa sentitzen diren momentuan baino ez dira mugituko; beraz, herritarrok daukagu zeregin nagusiena.
X.G.: Hainbat urte eta gero, argi daukaguna da aurrean daukaguna ez dela estatu demokratiko bat. Euskal gatazka konpontzea ez dator bere interesekin bat, eta, beraz, zenbat eta denbora luzeagoan mantendu presoen gaia, badaki herriak herri modura prozesu burujabe bat aurrera eramateko askoz zailago izango duela. Hortaz, guri geratzen zaiguna da indarrak batzea. Uste dugu prozesu independentista bat abiatzea dela gakoa gatazkaren ondorioak konpontzeko.
Ze zentzu dauka gaur egungo espetxe politikak?
J.A.: Zentzurik ez dauka. Garaile eta garaituaren bataila politikoa dago hor. Azken finean, mendeku politika baten eredu baino ez da beraiek mozorrotzen duten guzti hori.
X.G.: Estatu espainolaren izateko modua da, mendeetan dirauena. Ez dauka izaera demokratikorik. Kalera, kalera!
Bakea eta askatasuna irabaztera leloa kaleratu duzue. Noizbait irabaziko al dira bakea eta askatasuna?
J.A.: Kalera Kaleragaz azpimarratu nahi dena da preso eta iheslariak etxean eta aske izan arte benetako bakerik ez dugula edukiko, eta gatazkaren gordintasunak jarraitu egingo duela.