Etzi jendetza batzea aurreikusi dute Arrolapen Mendi Klubeko kideek. Aurten ere mendi lasterketa, martxa luzea eta laburra eta BTT?martxa egiteko aukera eskaini dute.
Imanol Goñik eta Amagoia Legarrak irabazi zuten iazko mendi lasterketa.
Eguaztenean amaitu zen aurretik izena emateko epea. 305 pertsonak eman dute izena martxa laburrean, eta luzean 300 pertsonak. Mendi lasterketara 100 korrikalari apuntatu dira, eta BTT probarako 71 txirrindulari.
Domekan izena eman ahalko da
1.000 partaideko muga bete arte. Izen emate bakoitzetik euro bat Wolf hirschhom edo 4p Sindromea dutenen erakunde batera bideratuko dute.
“Iaz egunean bertan 240 pertsona apuntatu ziren. Izan ere, familia askok eguraldiagatik egunean bertan erabakitzen dute parte hartu ala ez”, azaldu dute antolatzaileek.
Urdaibai Koparen hirugarren proba lehiatuko dute korrikalariek 10:30ean Pasealekutik irtenda. 18 kilometroko ibilbidea (900 metroko desnibel positiboagaz) burutuko dute.
Martxa luzeko partaideentzat ibilbide bera egongo da, eta horiek 09:00etan dute irteera ordua.
Bestalde, mendi bizikletako proban parte hartzen dutenak 09:45etan abiatuko dira, eta martxa laburrean parte hartzen dutenak, ostera, 11:00etan.
Mendi martxa laburra 8,5 kilometrokoa da, eta BTT martxan ere ibilbide luzea eta laburragoa egiteko aukera egongo da. BTT?martxa luzeenak 35 kilometro izango ditu.
13:00ak aldera, sariak banatu eta askotariko opariak zozkatuko dituzte Pasealekuan.
Graffiti erraldoia
Aurten ere jai giroan burutuko da Gernika-Lumoko proba, eta esate baterako, umeentzat jolaslekua egongo da Pasealekuan. 2 eta 5 urte bitarteko umeentzat puzgarriak ipiniko dituzte.
Gainera, kirola, natura eta artea uztartuz, graffiti erraldoi bat egingo dute, eta horixe da aurtengo Mendi Jaiaren berritasun nagusia. Goizean zehar, bi grafiteroren artean 2,5 X 5 m-ko murala margotuko dute. “Hiruzpalau orduko lana izango dute. Egunean bertan Pasealekuan ikusi ahalko dute herritarrek, eta gero Astran jartzea da gure asmoa”.