Doako bisitak eskainiko ditu etzi Bird Centerrek
Hegazti Migratzaileen Nazioarteko Eguna izan zen herenegun, maiatzak 10, eta Beraien etorkizuna, gure etorkizuna da-Planeta osasuntsu bat hegazti migratzaileentzat eta pertsonentzat lelopean, egun hori ospatzen ari dira, urtero legez, hainbat tokitan. Gautegiz Arteagan kokatuta dagoen Urdaibai Bird Centerrek, esate baterako, aste osorako egitaraua antolatu du.
Etzi, ate irekien eguna izango da aipatu zentroan, eta, besteak beste, doako bisitak eskainiko ditu. Eraztunketa zientifikoa erakusteko saio bat ere egingo dute, hegaztien migrazioak Urdaibai Biosfera Erreserban daukan garrantziaz gehiago jakin nahi duenarentzat.
Hain zuzen, zentrotik bertatik zein Gautegiz Arteagako paduretako behatokietatik hegaztien behaketaz gozatzeko aukera edukiko dute domekan Urdaibai Bird Centerrera bertaratzeko hautua hartzen dutenek.
Eleberri aurkezpena
Martitzenean hasi ziren ospakizunekin. Antonio Sandoval idazle eta ornitologoak Birdflyway, familia bidai bat hegaztien ibilbidean zehar eleberria aurkeztu zuen. Busturialdean egiten den lehenengo aurkezpena izan zen, eta liburua aurkezteagaz batera, Europako ingurune naturaletan bidaiatzeaz aritu zen Sandoval.
Atzo, berriz, hegaztien migrazio bidean dauden eskolen arteko nazioarteko konexio bat burutu zuten Skype bidez.
Horretan parte hartu zuten, adibidez, Gautegiz Arteagako Montorre eskolako ikasleek, eta horiekin batera egon ziren solasaldian Suediako, Holandako, Marokoko eta Mauritaniako ikasleak. Hala, horiek guztiek hegaztiei eta horien migrazioei buruz egindako lanak aurkeztu zizkieten elkarri.