776 pertsonak eman dute izena domekako Gernikako V. Mendi Jaiko probetan
Etzi izena eman ahal da, baina 1.000 parte hartzailetan dago muga. 18 km-ko mendi lasterketa eta martxa daude. Bestalde, 35 km ditu BTT martxaren ibilbideak, eta 8,5 km martxa laburrekoakDomekako Gernikako V. Mendi Jaian jendetza batzea aurreikusi dute...
Etzi izena eman ahal da, baina 1.000 parte hartzailetan dago muga. 18 km-ko mendi lasterketa eta martxa daude. Bestalde, 35 km ditu BTT martxaren ibilbideak, eta 8,5 km martxa laburrekoak
Domekako Gernikako V. Mendi Jaian jendetza batzea aurreikusi dute Arrolape Mendi Klubeko kideek. Aurten ere mendi lasterketa, martxa luzea eta laburra eta BTT martxa egiteko aukera eskaini dute, eta 776 pertsonak izena eman dute Internet bidez (eguaztenean amaitu zen aurretik izena emateko epea).305 pertsonak eman dute izena martxa laburrean, eta luzean 300ek. Mendi lasterketarako, berriz, 100 korrikalarik eman dute izena, eta BTT probarako 71 txirrindularik.
Domekan ere eman ahalko da izena, 1.000 partaideko muga bete arte. Izen emate bakoitzetik euro bat Wolf hirschhom edo 4p Sindromea dutenen erakunde batera bideratuko dute.
«Iaz, egunean bertan 240 pertsonak eman zuten izena. Izan ere, familia askok eguraldiagatik egunean bertan erabakitzen dute parte hartu ala ez», azaldu dute antolatzaileek.
Urdaibai Koparen hirugarren proba lehiatuko dute korrikalariek, 10:30ean Pasealekutik irtenda. 18 kilometroko ibilbidea (900 metroko desnibel positiboagaz) burutuko dute.
Martxa luzeko partaideentzat ibilbide bera egongo da, eta horiek 09:00etan dute irteera ordua.
Bestalde, mendi bizikletako proban parte hartzen dutenak 09:45ean abiatuko dira, eta martxa laburrean parte hartzen dutenak, ostera, 11:00etan.
Mendi martxa laburra 8,5 kilometrokoa da, eta BTT martxan ere ibilbide luzea eta laburragoa egiteko aukera egongo da. BTT martxa luzeenak 35 kilometro izango ditu.
13:00ak aldera, sariak banatu eta askotariko opariak zozkatuko dituzte Pasealekuan.
Graffiti erraldoia
Aurten ere jai giroan burutuko da Gernika-Lumoko proba, eta, esate baterako, umeentzat jolaslekua egongo da Pasealekuan. 2 eta 5 urte bitarteko umeentzat puzgarriak ipiniko dituzte.
Gainera, kirola, natura eta artea uztartuz, graffiti erraldoi bat egingo dute, eta horixe da aurtengo Mendi Jaiaren berritasun nagusia.
Goizean, bi graffiteroren artean 2,5 x 5 metroko murala margotuko dute. «Hiruzpalau orduko lana izango dute. Egunean bertan Pasealekuan ikusi ahalko dute herritarrek, eta gero, Astran jartzea da gure asmoa».