Tirolina abian jarriko dute berriz ere, ordutegi zehatz bategaz
Erabilgarri noiz egongo den oraindik zehaztu ez duten arren, tirolina berriz ere martxan jartzea erabaki du Markina-Xemeingo Udalak, ordutegi zehatz bategaz. Goizean zabaldu eta arratsaldean itxiko dutela azaldu zuten udal ordezkariek, martitzen arrats...
Tirolina dagoen Beheko Mojen plazako bizilagunen kexak entzunda, ordutegi bat jarriz gero, erabiltzaileen jarrerek hobera egiten duten frogatu nahi dute epe batean. Ordutegi zehatzagaz gain, udaltzaingoak inguru horretako zaintza handiagotuko duela nabarmendu zuen Juanjo Txurruka Markina-Xemeingo alkateak.
Tirolina martxan egon zen bitartean, jarrera desegokiak gehitu egin zirela azaldu zuten inguruko bizilagunek. Zaratak, baloikadak, apurketak… Eta tirolina geldiarazi zutenetik lasaitasuna berreskuratu dutela azpimarratu zuten.
Auzo biziak
Jarrerak hobetuta, tirolinaren eta parkearen erabiltzaileen eta bertako bizilagunen bizikidetza on bat lortu nahi du udalak. Izan ere, udalaren asmoa auzo biziak sortzea da, eta kanpoko jolasak sustatu nahi dituzte gazteei aisialdi aukera berriak eman eta ohiturak aldatzen joateko. Alkateak aitatu zuenez, jolasak auzo gehiagotan jarriko dituzte.
Tirolina martxan jartzen denean, erabileraren jarraipena egingo dute.
Tirolinaren inguruan ere agertu diren jarrera desegokiak, denbora luzean herri osoan errepikatzen ari direla azaldu zuten, bestalde, udal ordezkariek, eta arazo horri konponbide bat emateko asmoz, guraso eta gazteentzako formakuntza saioak ematea proposatu zuten batzarrean. Bekobenta eta Bera Kruz herriko ikastetxe biek eta gazteekin aritzen diren taldeak deituko dituzte gai horren inguruko lanketa hasteko.